Nahia Odriozola urrestildarra, jubenil mailako gimnastika erritmikoko Gipuzkoako txapeldun

Uztarria.eus 2019ko mai. 20a, 13:51

Gimnastika erritmikoko amateurren Gipuzkoako Txapelketa jokatu zuten hainbat lagunek atzo, Azpeitiko kiroldegian. Goiz eta arratsaldez taldeka, banaka eta erreminta desberdinekin egin zituzten saioak txapelketan parte hartu zuten gimnastek. Azpeitiko Loretoki klubekoak ere aritu ziren lehian; hain zuzen ere, kadete B mailako kirolariek parte hartu zuten txapelketan, baina ez zuten egun oso ona izan, eta 14. sailkatu ziren horiek.

Dena den, urrestildar batek lortu zuen podiumera igotzea: Loretoki taldeko Nahia Odriozolak xingolarekin lehen postua eskuratu zuen jubenil A mailan eta pilotarekin bigarren sailkatu zen. Bi lan horietako puntuazioa batuta, sailkapen orokorrean lehenena izan zen Odrizola, eta beraz, Gipuzkoako txapeldun titulua eskuratu zuen. Bestalde, Tolosako taldearekin ere lehiatu zen Odriozola senior A mailan, eta talde hori ere Gipuzkoako txapeldun izan zen atzokoan.

Hona hemen, atzoko irudi batzuk: