"Presorik gabeko Azpeitia lortu arte", lanean jarraituko beharra aldarrikatu du Sarek

Uztarria.eus 2019ko mai. 18a, 21:33

"Presorik gabeko herria" aldarrikatu du Azpeitiko Sarek, gaur Sare Egunean egindako ekitaldi guztietan, baita manifestazioan ere. Aldarri hori lortzeko, ordea, lanean jarraitu beharra dagoela plazaratu du Sarek: "Presoen eskubide urraketak salatzeaz gain, guk presoen egoerari irtenbidea eman nahi diogu, presorik gabeko Azpeitia, presorik gabeko herria lortu arte". Horretarako, "formula majikorik" ez dagoela adierazi du Sarek, "gure lanabesa herritarrekin elkartzea da, hitz egitea, adostasunak bilatzea, elkarlana sustatzea... Jendartearen gehiengo bat sentsibilizatu nahi dugu presoen auzia konpontzeko bidean". Herriko bi presoak ere, Gotzon Aranburu eta Josu Urbieta Pow, gogoan izan dituzte eguneko ekitaldi guzti-guztietan. Sare dinamikako kideek adierazi dute, azpeitiarren "gehiengoak" etorkizunera begiratzeko nahia duela: "Motxiladun umerik gabeko etorkizuna, adineko pertsonak seme-alabak ikusi ezinik egongo ez diren etorkizuna, asteburuero istripuen beldur izango ez diren etorkizuna".

Herriko plazatik irten du mobilizazioak 18:00etan, eta Sareren arabera, 300 lagun inguruk parte hartu du bertan. Bukaeran, plazako agertokira Azpeitiko Sare dinamikako bi kide igo dira. Haietako batek gogorarazi du aurreko asteetan Azpeitiko Sarek deituta hainbat mobilizazio egin dela Azpeitian presoek jasaten dituzten eskubide urraketak salatzeko: "Bideo bidez, dispertsioak adineko pertsonei nola eragiten dien kaleratu dugu; auto istipu bat irudikatuz, dispertsioa salatu dugu; anbulatorio aurrean egindako ekintza batekin, gaixorik dauden presoen egoera larriaz ohartarazi dugu; eta, euskal presoei gradu aldaketak sistematikoki ukatzen zaizkiela herriratu dugu".

Azken urteetan, arlo politiko, instituzional eta sozialean "adostasun handiak" josten eta "konplizitateak sortzen" ari direla adierazi dute Sareko kideek. Kartzeletan, aldiz, gradu aldaketak eta Euskal Herrira ekartzea borrokatzen ari dira. "Beraz, denon artean preso, iheslari nahiz deportatu guztien etxeratzea ahalbidetuko duen bide orri bat marrazten ari gara".