Ignacio Arakistain azpeitiarraren piano hotsak entzungai, 'Galerak' diskoan

Uztarria.eus 2019ko mai. 16a, 13:00
Ignacio Arakistain azpeitiarra 'Galerak' diskoaren aurkezpenean. (Argazkia: Noaua)

Ignacio Arakistain azpeitarra Galerak diskoaren doinu konposatzaileetako bat izan da Lucia Arzallus musikariarekin batera. Alex Telloren olerkietan oinarritutako zortzi kantek eta kolaboratzaileen abestiek osatzen dute lana, eta joan den astean aurkeztu zuten jendaurrean proiektu kolaboratiboa, Donostian.

Gaztelupeko Hotsak argitaletxeak atera berri duen Galerak proiektu kolektiboa, artista askoren topaleku izan da, eta Ignacio Arakistain azpeitiarra izan da disko horren doinuen konposatzaileetako bat, Lucia Arzallus musikariarekin batera. Orain dela bi urte jaso zuen proiektuan parte hartzeko Alex Tello artistaren gonbidapena; Tellok berak urte batzuk lehenago idatzitako olerkiei musika jartzeko norbait "dinamikoa" behar zuela eta, Arakistain gonbidatu zuen. Proposamena jaso berritan, Musikene goi mailako musika ikastegian ikasketak hasi zituen Arakistainek, eta "une egokia" iruditu zitzaion azpeitiarrari proiektu kolektiboan parte hartzeko; Galerak diskoko doinuak konposatzeko laguntza eske, Lucia Arzallus gelakidearengana jo zuen, eta bi urte hauetan kantuak idazten joan dira biak ala biak apurka-apurka.

Guztira, zortzi kantu konposatu ditu Arakistainek Arzallusekin batera, eta horrez gain, diskoan artista "ezagunen eta ezezagunen" kolaborazioak bildu dituzte; besteak beste, Aitor Gorosabelek, Xabi San Sebastianek, Labrit Zabalak eta Jon Gurrutxagak kolaboratu dute diskoan. Tellok eta Oihana Alkorta musikariak jarri zuten abian proiektua duela urte batzuk; Alkorta 2007an zendu zen eta Tellok proiektuarekin aurrera jarraitzea erabaki zuen, Alkorta omentzeko asmoz.

Bide berrien bila

Joan den astean aurkeztu zuten proiektuko kideek diskoa Donostian, eta han kontatu zituzten Galerak proiektuaren nondik norakoak Arakistainek eta bere lantaldeak. Ekoizpen prozesuak bi urte iraun du, eta Arakistainek proiektuan parte hartzea eta Tellorekin lan egitea "plazer hutsa" izan dela dio. Arakistainek azaldu du proiektuan parte hartu aurretik musika klasikoari "lotuta" ibili izan dela, eta aukera "oso ona" izan dela Galerak diskoa berarentzat; proiektua sorkuntza arloa "arakatzeko" modu "bikaina" izan dela dio, eta musikan zer bide hartu nahi duen "deskubritzeko aukera" izan duela adierazi du. Orain arte "besteen musika" jo izan duela dio Arakistainek, eta prozesua "barruan duen musika ateratzeko" baliagarria izan dela dio.