Sutea piztu da Astigarraga Kit Line enpresan

Uztarria.eus 2019ko mai. 14a, 18:03

Ertzaintzak 15:50ean izan du sutearen berri, eta suhiltzaileak bertaratu dira txirbil siloetan piztu den sua itzaltzera. Langile guztiak lantegitik atera dituzte, baina inor ez da zauritu, Ertzaintzak jakinarazi duenez. Egoera kontrolpean dela adierazi dute enpresaren arduradunek.

Urrestillako Olalde industriagunean dagoen Astigarraga Kit Line enpresan sua piztu da gaur arratsaldean, eta suhiltzaileak hura itzaltzen ari dira uneotan (16:05). Ertzaintzak 15:50ean jaso du gertaeraren abisua, eta haren arabera, langile guztiak lantegitik atera dituzte, "ke handia" eragin duelako suak. Egurrezko altzariak ekoizten ditu enpresak, eta lantegiko txirbil siloak hartu du sua. Dena den, Ertzaintzak jakinarazi du inor ez dela zauritu.

Egoera kontrolpean dela adierazi dute, halaber, enpresaren arduradunek, 16:30 aldera. Suhiltzaileak siloak husten ari ziren ordu horretan.