Gipuzkoako Hiru Txirlo bolo txapelketako jardunaldia jokatu dute Garmendipen

Uztarria.eus 2019ko mai. 14a, 12:25

Gipuzkoako 50. Hiru Txirlo bolo txapelketaren zazpigarren jardunaldia jokatu zuten joan den zapatuan, hilaren 11n, Garmendipeko bolatokian. Guztira, Gipuzkoako hainbat txokotako 66 bolarik parte hartu zuten saioan, eta han izan ziren Azpeitiko  Garmendipe bolo taldeko kideak ere. San Joxepe taldeko Mikel Urkia markinarra sailkatu zen aurrena zapatuko tiraldian, bederatzi txirlorekin. Andres Calero azpeitiarra, berriz, seigarren sailkatu zen jardunaldi horretan, zortzi txirlorekin. Txapelketaren sailkapen orokorrari dagokionez, berriz, Carmen Cordero azpeitiarra dago emakumezkoen mailako sailkapenaren lehen postuan, 18 txirlorekin.

Joan zen martxoan hasi zen Gipuzkoako bolo txapelketa, eta datorren zapatuan jokatuko dute zortzigarren eta azkenaurreko jardunaldia, Lasturren. Hilaren 25ean izango da txapelketaren azken tiraldia, Elgetako bolatokian.