Urrezko Banakako Aizkolarien Txapelketako finalerdietan izango da Mikel Larrañaga

Uztarria.eus 2019ko mai. 13a, 18:28
Larrañaga Galdakaon. (EgurSport)

Zapatuan, Galdakaon (Bizkaia) jokatu zuten final zortzirenetako lehia Larrañagak, Julen Alberdi Txikia IV.ak eta Ugaitz Mugertza Mugertza II.ak, eta Larrañaga izan zen lanak bukatzen lehena. Finalerdietako saioa Gasteizen jokatuko du Larrañagak datorren zapatuan; Aitzol Atutxa Atutxa II.a eta Ruben Saralegi izango ditu aurrez aurre.

Urrezko Banakako Aizkolarien Txapelketako finalerdietarako txartela lortu zuen Mikel Larrañaga aizkolari azpeitiarrak zapatuan. Galdakaon (Bizkaia) jokatu zuten final zortzirenetako lehia Larrañagak, Julen Alberdi Txikia IV.ak eta Ugaitz Mugertza Mugertza II.ak, eta Larrañaga izan zen lanak bukatzen lehena. Izan ere, kolpekako, erlojuaren kontrako, zutikako, abiadurazko eta lan erdirako probak egiteko 16 minutu eta segundo bat behar izan zituen horiek gauzatzeko. Txikia IV.a sailkatu zen bigarren, lanak 17 minututan eta 11 segundotan eginda. Hirugarren, berriz, Mugertza II.a izan zen, bost enborrak 17 minutu eta 26 segundotan ebakita.

Hiru aizkolari horietaik bi sailkatu ziren hurrengo fasera, eta beraz, Larrañaga eta Txikia IV.a txapelketaren finalerdietan izango dira. Larrañagak Aitzol Atutxa Atutxa II.a eta Ruben Saralegi izango ditu aurrez aurre datorren zapatuan Gasteizen (12:00) jokatuko duten final erdietako lehian. Larrañaga finalera iristen baldin bada, Azpeitian neurtu beharko ditu indarrak, ekainaren 7an. Iaz ere finalean izan zen Larrañaga, baina Iker Vicentek jantzi zuen txapela orduko hartan.