HH2ko haurrentzako udalekuak eta zaintza zerbitzua, udaleku irekien berrikuntzen artean

Uztarria.eus 2019ko mai. 10a, 16:58
Udaleko eta Gazteria Saileko arduradunak. (Argazkia: Azpeitiko Udala)

Udaleku irekietan parte hartzeko adin tartea zabaldu du Gazteria Sailak, eta HH2 mailako haurrek ere udalekuetan izena eman ahal izango dute. Bestetik, goizeko zaintza zerbitzua izango da Txiki Txoko ludotekan 8:30etik 10:00etara.

Gazteria Saila hasi da dagoeneko udako udaleku irekiak antolatzen, eta bi berrikuntza nagusi izango dira aurten udalekuetan. Batetik, udalekuetan izena emateko adin tartea zabaldu du Gazteria Sailak, eta HH2 mailako haurrek ere aukera izango dute parte hartzeko. Bestetik, joan den urtean martxan jarri zuten zaintza zerbitzua mantendu egingo dute aurten, baina ordutegia aldatuta; 8:30etik 10:00etara izango da zaintza zerbitzua, Txiki Txoko ludotekan.

Udaleku irekietan izena emateko epea maiatzaren 27an zabalduko da, eta maiatzaren 31 izango da izena emateko azken eguna. Ekainaren 24tik uztailaren 19ra arte izango dira aurtengo udalekuak, eta izen-emate orriak herriko hiru ikastetxeetan banatuko ditu Gazteria Sailak laster; bertan, udaleku irekien inguruko informazio gehiago izango da.

Horrez gain, Gazteria Sailak gogorarazi du begiraleen lan poltsan izena emateko epea datorren maiatzaren 24an amaituko dela; begirale edo behar bereziak dituzten umeen hezitzaile izan nahi duenak, gib@azpeitia.eus helbidera bidali beharko du Curriculuma.