Aratzerrekan prest dute San Isidro jaietarako egitaraua

Uztarria.eus | Festak
2019ko mai. 8a, 09:50

Ostiralean hasiko dira jaiak atxurraren igoerarekin, eta afaria ere egingo dute egun horretan. Zapatuan, berriz, ekitaldi ugari izango dira, hala nola umeentzako jolasak eta herri kirol erakustaldia. Datorren asteazkenean izango da San Isidro eguna, eta festetako azken eguna izango den arren, ez da ekitaldirik faltako egun osoan zehar.

Iazko San Isidro jaietako irudia.  Ikusi haundiago | Argazki originala

Asteburuan hasiko dira Aratzerrekan San Isidro festak ospatzen, eta ekitaldirik ez da faltako zapatuan nahiz igandean; izan ere, auzotarrek egitarau oparoa prestatu dute zapaturako, iganderako nahiz datorren asteazkenerako. Ostiral arratsaldean hasiko dituzte jaiak atxurraren igoerarekin eta txupinazoarekin, eta ondoren, pintxo-potea nahiz afaria egingo dituzte. Gainera, afalostean trikitilariak ariko dira giroa alaitzen.

Zapatuan, berriz, Atxur Festie ospatuko dute auzoan. Arratsaldean egunari izena ematen dien festa egingo dute; hain zuzen ere, haurrek atxurrarekin altxorraren bila, ximaur zabaltzen, sokatiran, artaburuak zuritzen nahiz lokotxak biltzen aritzeko parada izango dute. Ondoren, herri kirol erakustaldia izango da, Mikel Larrañaga eta Eneko Otaño aizkolarien nahiz Jon Unanue Goenatxo III.aren eskutik. Afaria egingo dute gero, eta afalostea girotzeaz trikitilariak arduratuko dira. Ohiko legez, gauerdia pasatzean, lehiaketa xelebrea egingo dute: nork hiru arrautza egosi lehenago jan. Irabazleak 30 euro eta dozena arrautza eskuratuko ditu. Festari luzapena ematen dionak, gainera, baratzuri-zopa dastatzeko aukera izango du 03:30ak aldean.

Asteazkenean izango da San Isidro eguna, eta festei agur esan aurretik, hainbat ekitaldiz gozatzeko aukera izango dute herritarrek. Besteak beste, meza, bazkaria eta trikitilarien emanaldia izango da. Gainera, arratsaldean pilota partidak izango dira Elkartasuna frontoian. Egunari eta jaiei bukaera emateko, atxurraren jaitsieta eta afaria egingo dituzte.

Hona hemen, San Isidro jaietarako auzotarrek prestatu duten egitaraua:

Ostirala, maitzak 10.

19:30. Atxurraren igoera eta txupinazoa.

19:45. Pintxo-potea.

20:30. Araria.

Ondoren, Hitzeder eta Haritz Garmendia trikitilariak.

 

Zapatua, maiatzak 11, Atxur Festie.

10:30. Suziriak.

16:30. Atxur festa: altxorraren bila, ximaur zabaltzea, sokatira, artaburu zuritzea, lokotx bilketa...

18:00. Herri kirolak erakustaldia eskainiko dute Mikel Larrañaga eta Eneko Otaño aizkolariek nahiz Jon Unanue Goenatxo III.ak.

19:30. Trikipoteoa.

21:00. Auzo afaria.

Afalostean, Eneko Arbeo, Garixe eta Montte trikitilariak.

01:00. Hiru arrautza egosi nork azkarrago jan lehiaketa.

03:30. Baratzuri zopa jana.

 

Maiatzak 15, asteazkena, San Isidro eguna.

10:00. Itxafuegoak.

12:00. Meza Nagusia.

13:30. Bazkaria.

Bazkalostean, Eneko Arbeo eta Txibilter trikitilariak.

18:00. Pilota partidak. Santio jaietako txapelketako partidak jokatuko dituzte benjaminek, Elkartasun frontoian. Kimuen partidak, ondoren.

20:30. Atxurraren jaitsiera eta afaria.

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu