Errenta aitorpena euskaraz egiteko deia egin dute Udalak eta Uemak

Uztarria.eus 2019ko api. 30a, 17:46

Errenta aitorpena euskaraz egiteko kanpaina martxan jarri du beste urte batez Uemak, Udalarekin elkarlanean, "euskarak dagokion lekua izan dezan administrazio publikoan ere". Iaz, 7.736 errenta aitorpen aurkeztu zituzten Azpeitian, eta horietatik 3.210 izan ziren euskaraz egindakoak (%41,5), 2017an baino gehiago.

2018ko errenta eta ondarea aitortzeko garaia iritsi da, eta ohi bezala, Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak (Uema) errenta aitorpena euskaraz egiteko kanpaina jarri du martxan, Azpeitiko Udalarekin elkarlanean. Aurten ere, errenta aitorpena euskaraz egiteko kanpainarekin, herritarrek administrazioarekin dituzten harremanak euskarazkoak izan daitezen bultzatu nahi dute Uemak, udalek eta beste hainbat erakunde publikok. Iaz, errenta aitorpena egin zuten azpeitiarren %41,5ek egin zuten euskaraz.

Administrazioa euskalduntzeko duen eraginagatik, "euskararen normalizaziorako bidean, udalerri euskaldunak egiten ari diren beste urrats bat" da errenta aitorpena ahalik eta herritar gehienek euskaraz egitea, Uemaren arabera. Urratsa "sendoa" izan dadin, ordea, herritarren babesa eta parte-hartzea beharrezkoak dira, mankomunitatearen arabera. Hain zuzen ere, hautu horretan eragin nahi du kanpainak, "euskarak dagokion lekua izan dezan administrazio publikoan ere".

Errenta aitorpena egiteko hainbat modu daude, eta lurralde bakoitzeko Foru Ogasunaren arabera webguneak, telefonoak eta gainerakoak aldatzen diren arren, moduak antzekoak dira kasu guztietan, eta horietan euskararen aldeko hautua egitea da kanpainarekin lortu nahi dutena. "Batetik, datuetan ere islatu dadin udalerri euskaldunetan euskaraz bizi garela, eta bestetik, administrazioa euskalduntzeko bidean eragiten jarraitzeko", adierazi du Uemak.

Ohi bezala, errenta aitorpena egiterakoan, herritarrek hainbat bide dituzte euskaraz egiteko, modu errazean: hasieratik, zein hizkuntzatan egin nahi duten aukera dezakete, eta euskaraz egiteko ez dago aparteko zailtasunik.

Aitorpena euskaraz egiteko bideak

Autolikidazio proposamena:
 
-Jasotako proposamena onartzerakoan, telefonoz zein Internet bidez, euskaraz egin nahi duzula esan, eta aurrerantzean, agiriak euskaraz bidaliko dizkizu Ogasunak.

Mekanizatua:

-Hitzordua hartzerakoan, adieraz ezazu harremana euskaraz izan nahi duzula. 

-Ogasunarekin telefonoz, Internetez zein aurrez aurre euskaraz izan ditzakezu harremanak, horrela eskatzen baduzu. 

-Ogasunak sinatzeko ematen dizun orria ere euskaraz jaso dezakezu.

Internet bidez: 

-Errenta programaren euskarazko bertsioa jaitsi Internet bidez eta hobetsitako hizkuntzaren atalean euskara aukeratu. 

-Aholkularitzaren bat aukeratzen baduzu, espresuki adierazi beharko duzu euskaraz egin nahi duzula. 

-Beste eraren batera egiten baduzu (finantza erakunderen baten bidez...) euskaraz egiteko eska dezakezu. 

Azken urteotako datuak

Azpeitiaren kasuan, joan den urtean, 2017ko errenta aitorpena egiterakoan, honakoak izan ziren datuak:

-Guztira eginiko errenta aitorpenak: 7.736.

-Euskaraz eginiko errenta aitorpenak: 3.210. (%41,5).

-Gaztelaniaz eginiko errenta aitorpenak: 4.526. (%58,5).

Hemen, azken urteotan Azpeitian euskaraz egin diren aitorpenen datuak:

  • 2008an: 2.027 aitorpen egin ziren euskaraz (%27,76).
  • 2009an: 2.227 aitorpen egin ziren euskaraz (%28,23).
  • 2010ean: 2.260 aitorpen egin ziren euskaraz (%29).
  • 2011n: 2.387 aitorpen egin ziren euskaraz (%30,52).
  • 2012an: 2.453 aitorpen egin ziren euskaraz (%31,86).
  • 2013an: 2.566 aitorpen egin ziren euskaraz (33,83).
  • 2014an: 2.566 aitorpen egin ziren euskaraz. (%33,83)
  • 2016an: 3.027 aitorpen egin ziren euskaraz. (%40,14) 
  • 2017an:  3.013 aitorpen egin ziren euskaraz. (%39,67)
  • 2018an: 3.210 aitorpen egin ziren euskaraz. (%41,5)