Adinekoen egoitzetako langileek herrialdeko hitzarmenik gabe jarraitzen dutela salatu dute plazan

Uztarria.eus 2019ko api. 30a, 14:30

Gipuzkoako adinekoen egoitzetako 5.000 langilek herrialdeko hitzarmenik gabe jarraitzen dutela salatu du LAB sindikatuak gaur, asteartea, Azpeitiko plazan egin duen elkarretaratzean. Sektoreko beharginentzat "hitzarmen duina" exijitzeko greba egiten ari dira atzotik igandera bitartean, eta egunotako prestatu dituzten mobilizazioetako bat izan da gaur Azpeitian egin dutena. Adinekoe egoitzetan lan egiten duten hainbat lagun elkartu dira eguerdian plazan, eta Orion hasi duten kotxe karabanan iritsi dira herrira.

Sektoreko 5.000 langilek hitzarmenik gabe segitzen dutela eta, Gipuzkoako Foru Aldundiaren jarrera salatu du sindikatuak: "Sektoreko arduraduna den Gipuzkoako Foru Aldundia non dago? Ahoa betetzen zaio, helduen egoitzetako zerbitzuaren inguruan hitz egitean, baina ezinbesteko zutabea diren langileak baztertzeko erabakia hartu du". Egoera horren aurrean, adundiak "beste aldera begiratzen" duela eta negoziazio prozesuan "joko zikina" bultzatzen duela salatu du sindikatuak, "Adegi eta Matia 2020 patronalak ELA sindikatuarekin batera, beste negoziazio paralelo bat egitera gonbidatuz, mahaiaren eta langileen gainetik pasatuz". Modu horretan, "negoziazio mahaiari balioa kentzea, mahaia blokeatzea, eta sektorean mesfidantza sortzea" lortu dutela esan du sindikatuak.

Honako hauek dira sindikatuak hitzarmenean jaso nahi dituen lau ardatzak: oinarrizko soldata toki eta Foru Administrazioen menpe dauden langileen batez bestekoarekin homologatzea; kontratazioa zuzena, mugagabea eta aldi osokoa izatea; langileen ratioak eta mailak ezarriko dituen lan batzorde parekidea sortzea; eta prestakuntza kontutan izateko puntu garrantzitsua izatea.