Etxebizitzetako energia birgaitzeaz tailerra izango da astelehenean

Uztarria.eus 2019ko mai. 1a, 11:31

Eraginkortasun altuko birgaitzeak herritarren bizi kalitatean duen eraginaz ariko dira hizketan Eraginkortasun altuko birgaitzea: zure etxerako baliagarria, dirua aurrezteko eta osasuna irabazteko izenburupean egingo duten saioan. Astelehenean izango da, 18:30ean hasita, Sindikatu Zaharrean. Ostirala izango da saioan izena emateko azken eguna.

Gipuzkoa Argitu programaren barruan, etxebizitzetako energia birgaitzea sustatzeko eta herritarren bizi kalitatea hobetzeko tailerra eskainiko dute astelehenean, 18:30ean hasita, Sindikatu Zaharrean. Eraginkortasun altuko birgaitzeak herritarren bizi kalitatean duen eraginaz ariko dira hizketan Eraginkortasun altuko birgaitzea: zure etxerako baliagarria, dirua aurrezteko eta osasuna irabazteko izenburupean egingo duten saioan. Izan ere, tailerraren helburua da herritarrei energia eraginkortasunarekin zerikusia duten irizpideak eta ezagutzak eskura jartzea, eraikinen birgaitzea egin behar dutenerako.

Gipuzkoako Foru Aldundiak azaldu duenez, batetik, aurrezteaz gain, energia kontsumoa gutxitzea eragiten du: "Isolamenduak, hermetikotasunak, aireztapen egokiak eta instalakuntza eraginkorrek energia aurreztea dakarte eta, ondorioz, baita dirua aurreztea ere". Bestetik, berriz, familiek osasunean irabaziko dute: "Hezetasunak kontrolatuko dira kondentsazioak saihestuz, eta ondorioz, patologiak sahiestuz".

Saioan parte hartu nahi duten herritarrek aurrez izena eman beharko dute maiatzaren 3ko 15:00ak baino lehen. Hain zuzen ere, interesatuek edurne@izadi21.eus helbidera mezua idatzi edo 628 53 23 03 telefono zenbakira deitu dezakete. Informazio gehiago behar duenak, berriz, www.gipuzkoaingurumena.eus/eu/argitu webgunean aurki dezake.