Elkarretaratzea egingo du bihar LABek, adinekoen egoitzek herrialdeko hitzarmena izan dezaten

Uztarria.eus 2019ko api. 29a, 13:09

Hitzarmen "duina" aldarrikatzeko, astebeteko greba hasi dute gaur adinekoen egoitzetan, LAB sindikatuak deituta. Bihar, herriko plazan elkartuko dira.

LAB sindikatuak astebeteko greba hasi du gaur, astelehena, adinekoen egoitzetan, hango langileek herrialdeko hitzarmenik gabe jarraitzen dutelako. Igandera arte iraungo du grebak, eta sindikatuak hainbat mobilizazio deitu du aste osorako. Azpeitian ere egingo ddute protestarik, eta bihar, 12:00etan, herriko plazan elkarretaratzea egingo dute.

Sektoreko 5.000 langilek hitzarmenik gabe segitzen dutela eta, Gipuzkoako Foru Aldundiaren jarrera salatu du sindikatuak: Sektoreko arduraduna den Gipuzkoako Foru Aldundia non dago? Ahoa betetzen zaio, helduen egoitzetako zerbitzuaren inguruan hitz egitean, baina ezinbesteko zutabea diren langileak baztertzeko erabakia hartu du".

Egoera horren aurrean, Gipuzkoako Foru Aldundiak "beste aldera begiratzen" duela eta negoziazio prozesuan "joko zikina" bultzatzen duela salatu du sindikatuak, "Adegi eta Matia 2020 patronalak ELA sindikatuarekin batera, beste negoziazio paralelo bat egitera gonbidatuz, mahaiaren eta langileen gainetik pasatuz". Modu horretan, "negoziazio mahaiari balioa kentzea, mahaia blokeatzea, eta sektorean mesfidantza sortzea" lortu dutela esan du sindikatuak.

LABek dei egin die adineko egoitzetako langile guztiei "herrialdeko hitzarmen duin baten alde" mobilizatu daitezen.