Hasi dira Done Jakue kaleko apaizetxea botatzen

Uztarria.eus 2019ko api. 17a, 17:11

Ryde Obras y Servicios enpresa ari da eraikina botatzen, eta lanek hilabete inguru iraungo dutela aurreikusten dute. Ondoren, udal sustapeneko lau etxebizitza egingo dituzte bertan.

Done Jakue kalean kokatuta dagoen apaizetxea eraisteko lanak hasi ditu Azpeitiko Udalak. Joan den astean hasi ziren eraikina aldamioz inguratzen, eta datorren astean ekingo diote barrualdea husteari; ondoren, bota egingo dute. Ryde Obras y Servicios enpresa ari da eraikina botatzen, eta lanek, BEZ gabe, 51.883,44 euroko aurrekontua dute. Aurreikuspenen arabera, hilabete inguru beharko dute eraikina botatzeko.

Jarraian, ikerketa geoteknikoa egingo dute bertan, eta orduan, exekuzio proiektua idatziko du Udaleko arkitektoak; horren ostean, esleituko dituzte etxebizitzak egiteko lanak. Udal sustapeneko lau etxebizitza egingo dituzte apaizetxe zaharrean.