Kaleetako hondakinak, ibaietara eta itsasora

Uztarria.eus 2019ko api. 13a, 11:15

"Gure gizarteak barneratuta du lurzorura botatzen ditugun hondakinak udal langileek jasotzen dituztela, baina ez da erabat egia. Horietako askok ibai izkinetan bukatzen dute, haizeak bultzatuta, eta horiek itsasora iristea denbora kontua da. Kontziente izan behar gara ibaiek itsasoarekin lotzen gaituztela zuzenean, eta beraz, erantzukizunen bat badugula han azaleratzen den arazoarekin". Gorka Alberdi Eguzki talde ekologistako kidearen hitzak dira horiek. Kaleetan pilatzen den zaborraren eta bereziki plastikoen kopuru esanguratsua ibaietara doala ikusita, kezka agertu du beste behin Alberdik. Eguzkik arazo hori azaleratzeko bideoak grabatu ditu azken asteetan hainbat herritan, tartean Azpeitian. Alberdik berak Azpeitian hartutako irudiekin osatuta dago, esaterako, bideo hau.

Herritarren artean kontzientzia sorrarazteko ez ezik, kaleko hondakinak ibaira eror ez daitezen neurriak hartzea ere beharrezkoa dela deritzo Alberdik, Azkoitian edo Tolosan ibai ondoko baranda azpiak estaltzeko hartu dituztenen antzekoak.