Lurrun trena egunero izango da martxan Aste Santuko eta Pazko Asteko jaiegunetan

Uztarria.eus 2019ko api. 12a, 10:05

Burdinbidearen Euskal Museoak hamar lurrun tren jarriko ditu zirkulazioan Aste Santuan eta Pazko Astean. Hain zuzen ere, apirilaren 18tik 22ra bitartean, bi joan-etorri egingo ditu trenak egunero. Azaroaren 3ra arte luzatuko dute lurrun trenen aurtengo denboraldia.

Aste Santua iristearekin batera hasiko du Azpeitiko Burdinbidearen Euskal Museoak tren historikoen aurtengo denboraldia, eta ohi bezala, datorren astetik lurrun trenak ibiliko dira museo aurretik Lasaora bitartean joan-etorrian. Hain zuzen ere, Aste Santuan eta Pazko Astean hamar lurrun tren jarriko ditu zirkulazioan museoak, eta Ostegun Santutik (apirilak 18) Pazko Asteko astelehenera bitartean (apirilak 22) egunero egingo ditu irteerak. Egun horietan, 12:00etan eta 17:00etan hasiko dituzte trenek joan-etorriak.

Aste Santuko eta Pazko Asteko jaiegunetan, hilaren 18tik 22ra bitartean, 10:30etik 14:00etara eta 16:00etatik 19:30era bitartean egongo da irekita museoa. Informazio gehiago lortzeko, 943-15 06 77 telefonora deitu edo museoa@euskotren.eus helbidera idatzi daiteke.

Aste Santuak igaro ondoren, azaroaren 3ra arte iraungo du lurrun trenen aurtengo denboraldiak, eta ordura arte astebururo eta jai egunetan egingo dituzte joan-etorriak. Larunbatetan, 12:30ean eta 18:00etan izango dira irteerak, eta igande eta jaiegunetan, 12:30ean.