Gaztea Maketa Lehiaketa irabazteko atarian gelditu da Trini Fox taldea

Uztarria.eus 2019ko api. 6a, 11:52

Atzo, ostirala, jokatu zuten bost taldek Gaztea irratiaren Maketa Lehiaketaren finala Bilboko Kafe Antzokian, eta bertan izan ziren Trini Fox taldea osatzen duten Azpeitiko eta Azkoitiko musikariak. Horiek ez zuten lehiaketa irabazterik izan, baina ez ziren esku hutsik etxeratu; izan ere, finalaren aurreko fasean GazteBizHitza Saria eskuratu zuen taldeak entzuleen botoei esker –sari hori tarteko sailkatu zen finalera–. Horrenbestez, atzo eskuratu zituzten musikariek sariari dagozkion 2.500 euroak.

Trini Foxez gain, beste lau talde izan ziren atzoko finalean agertokian: Sua, Jokin Trikitixa, Montauk eta S.T.R. Goraino bete zen aretoa, eta epaimahaiak hala erabakita, Sua taldea izan da 28. Maketa Lehiaketaren irabazlea. Talde horrek 5.000 euroko diru-saria eskuratu zuen atzokoan, eta gainera, datorren uztailean Bilbon egingo den BBK Live jaialdian kontzertua eskaintzeko aukera izango du. 

Azpeitiko eta Azkoitiko Trini Fox taldearen Zurrunbiloa naiz kantarekin jaso du Trini Fox taldea Entzuleen Saria. Suharri Aranburu azkoitiarrak eta Iñaki Zubeldiak eta Gilen Aldalur azpeitiarrek osatzen dute Trini Fox taldea. Punk Rock, stoner, hard rock eta rock alternatiboa lantzen ditu Trini Fox taldeak.

Argazkian, Trini Fox taldea atzo Bilboko Kafe Antzokian (Irudia: Gaztea).