Teknologia berrien "erabilera kritikoa eta kontzientea" bultzatzeko autobusa izango da bost egunez Azpeitian

Uztarria.eus 2019ko api. 4a, 17:00
Azpeitiko Udaleko zein Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkariak eta Gazteria teknikaria.

Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Udalak sustatuta, Azpeitira iritsi da Kultura Digitalaren Astea. Bihartik apirilaren 10era bitartean autobus bat izango da Perez Arregi plazan, herritarrak mundu digitalak eskaintzen dituen aukerez nahiz arriskuez jabe daitezen.

Autobus berezi bat izango da datozen egunotan Perez Arregi plazan. Izan ere, Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatutako Kultura Digitalaren Astea Azpeitira iritsi da, Udalarekin elkarlanean. Teknologia berrien "erabilera kritikoa eta kontzientea" sustatzea da proiektuaren asmoa, eta horretarako, bost egunez herrian izango da autobusa; bihartik apirilaren 10era, hain zuzen ere. Autobusaren barruan, webguneak sortzeko programazio tailerrak eskainiko dituzte, eta bideojokoetan ibiltzeko aukera izango da, besteak beste. Gainera, hainbat saio egingo dute bertan, herriko eragileei nahiz herritarrei zuzenduta. Proiektuaren xehetasunak azaltzen izan dira gaur Azpeitian udaleko zinegotzi Mikel Ibarzabal eta Leire Goenaga, Maria Jose Telleria aldundiko Kultura zuzendaria eta Aloña Larrañaga Gazteria teknikaria.

Teknologia berriek goitik behera aldatu dute bizimodua azken urteotan, Telleriak gogorarazi duenez: "Gure bizitzeko, lan egiteko eta harremanak izateko modua aldatzen ari dira, eta egoera horren aurrean, umeek, nerabeek eta gazteek ez dute esperientziarik edo kanpoko erreferentziarik planteatzen zaizkien egoerei eta erronkei aurre egiteko". Errealitate horren aurrean, Foru Aldundiak kultura digitaleko programa jarri zuen martxan 2017an, gazteei, haien gurasoei nahiz hezitzaileei mundu digitalean ondo moldatzeko irizpideak emateko. "Gizarte nahiz genero arrakalarekin amaitzea, eta ziberjazarpenari aurre egitea" dira, besteak beste, helburuak.

Goenagaren arabera, egungo haurrak, nerabeak nahiz gazteak mundu digitalean jaio eta hazten ari dira. "Oso azkar garatzen ari den mundua da teknologia digitalarena, eta garrantzitsua da mundu hori ondo ezagutzea, erabilera on bat emateko". Hark nabarmendu du teknologia berri horietara emakumeak gerturatzeko ahalegina ere egingo dutela: "Ikasgai teknologikoak –programazioa, zientziak, teknologia…– gizonezkoengandik gertu dauden arloak izan beharrean, emakumeek ere mundu hori beldurrik gabe ezagut dezaten nahi dugu".

Bost egunez, hainbat saio

Gipuzkoako haurrengana, gazteengana, profesionalengana nahiz familiengana iristea da proiektuaren nahia. Herriko ikastetxe guztietako LH3-LH6 bitarteko ikasleak igaroko dira goizetan autobusetik, eta gainera, hainbat eragilek ere bisitatuko du ibilgailua. Besteak beste, bertan izango dira Lanbide Heziketako ikasleak, ludoteketakoak, Juan Antxieta musika eskolakoak, liburutegikoak… Era berean, interesa duten herritar guztiek izango dute autobusean sartu eta kultura digitalaren munduan murgiltzeko aukera. Ekintzetan parte hartzen duten herritarren artean, egun bakoitzaren amaieran, hiru USB zozkatuko dituzte.

Zarautz, Elgoibar eta Lasarte-Oria igaro ostean iritsi da autobusa Azpeitira, eta ondoren, Zumarragara eta Bergarara joango da.

Lotura honetan ikus daiteke Azpeitiko egitaraua osorik.