Hasi da Zuzenbide Piriniarraren II. Jardunaldia

Uztarria.eus 2019ko mar. 30a, 12:46

Martxan da Zuzenbide Piriniarraren II. Jardunaldia. Atzo, ostirala, egin zuten egitasmoaren inaugurazio ekitaldia, Basazabal jauregian, 19:00etan hasita. Zuzenbide Piriniarra inguratzen zuen errealitatea, kontzeptua bera nahiz datuak ezagutzeko eta gaian sakontzeko antolatu dituzte saioak Nabarralde fundazioak eta Azpeitiko Udalak. Ekitaldia hasi baino lehen, txalaparta doinuak entzun ahal izan ziren Basazabalen atarian, eta ondoren, han bildutakoen artean Agure Zaharra abestia kantatu zuten. Ondoren, Eneko Etxeberria alkateak eta Tasio Agerre Nabarraldeko lehendakariak hartu zuten hitza.

Etxeberria pozik azaldu zen jardunaldi horiek Azpeitian egingo dituztelako, eta iraganean sakontzeko eta historia ezagutzeko aukera emango dutelako. "Beti da ona ezagutzaz eta jakinduriaz jardutea", esan zuen. Agerrek, berriz, jardunaldi horiek antolatzeko "talde indartsu" batek egin duen lana nabarmendu zuen. Segidan, Zuzenbide Piriniarrak izan zuen garrantziaz aritu zen: "Ondarea da jaso dugun gizartea eta aberastasuna; hor daude memoria historikoa, hizkuntza nahiz kultura, eta Zuzenbide Piriniarra hor sartzen da. Ondarea da iraganetik jaso duguna, baina aukera bat ere bai etorkizuna eraikitzeko. Eta eremu horretan, Zuzenbide Piriniarra ez dago batere landua. Mendeetan zehar tresna garrantzitsua izan da, eta gure asmoa da horri buelta batzuk ematea eta ea zerbaitetarako balio duen ikustea".

Jarraian, J.L. Orella Unzuek eta Jaume Renyerrek mahai ingurua eskaini zuten, Luis Maria Martinez Garate moderatzaile zela. Jende dezente bildu zen atzoko aurkezpen saioan.

Atzoko inaugurazio ekitaldiaren ostean, hasi dituzte gaur dagoeneko jardunaldiak. Espero baino jende gehiagok eman du izena, eta horregatik, Basazabalen beharrean, Loiolako Gogartetxean egingo dituzte gaurko saioak. Hona hemen egun osoko egitaraua:

09:00-09:30. Akreditazioen banaketa.

09:30-10:00. Amaia Nausiak Euskal emakumeak historian eta Zuzenbide Piriniarrean hitzaldia eskainiko du.

10:00-11:30. Asisko Urmenetak foruei buruzko solasaldia eskainiko du.

10:30-11:00. Derecho Pirenaico en la memoria carlista hitzaldia eskainiko du Fernando Sanchez Aranazek.

11:00-11:30. Atsedena.

11:30-12:00. Mikel Letamizek Kooperatibak, pentsamoldea, antolakuntza… hitzaldia eskainiko du.

12:00-12:30. Peio Monteanok Euskara en la historia solasaldia eskainiko du.

12:30-14:00. Euskara, ahozko hizkuntza eta zuzenbide idatzia mahai-ingurua izango da.

16:00-16:30. Gaztetxeen inguruko hitzaldia emango du Hodei Mendinuetak.

16:30-17:00. Batzarreko, auzoko eta herriko erabakietan parte hartzearen tradizioa izenburupean hitzaldia eskainiko du Izaro Gorostidik.

17:00-17:30. Komunikazioak.

17:30-19:00. Herriaren erabakimena eta parte-hartzea: batzarrak, gaztetxeak, emakumeak, elkarte sozialak eta kultur elkarteak, ikastolak, instituzioak… mahai-ingurua.

19:00-19:15. Ondorioak eta itxiera.