Desgaitasuna duten pertsonentzat udako oporraldiak antolatu ditu Elkartuk

Uztarria.eus 2019ko mar. 29a, 13:07
Calpeko irudi bat.

Desgaitasun fisikoa, organikoa edo sentsoriala duten pertsonei zuzendutako oporraldiak ekainean, uztailean, abuztuan eta irailean izango dira. Calpera, Saloura, Pragara edo Extremadurara joateko parada izango dute herritarrek. Izena eman nahi dutenek Udaleko Gizarte Zerbitzuetara joan beharko dute apirilaren 26a baino lehen.

Desgaitasun fisikoa, organikoa edo sentsoriala duten pertsonei zuzendutako oporraldiak antolatu ditu aurten ere Elkartu Gipuzkoako Gutxitasun Fisikoa duten Pertsonen Federazio Koordinatzaileak. Hain zuzen ere, Elkarbidean programaren bidez, desgaitasuna duten pertsonek aisialdiaz aukera berdintasunean gozatzeko aukera izango dute datorren udan ere. Gainera, gizarte inklusiboagoa eta gizarte zein kultur jardueretan parte hartzea sustatu nahi dute Elkarbideanen bidez.

Datorren udan, bost bidaia egingo dituzte, horietako bat Calpera (Alacant, Herrialde ), bi Saloura (Tarragona, Katalunia), bat Pragara (Txekiar Errepublika) eta beste bat Extremadurara (Espainia). Calpera ekainaren 9tik 23ra joango dira (Diamante Beach hotela); Saloura ekainaren 29tik 13ra eta abuztuaren 10etik 24ra (Salauris hotela); Pragara uztailaren 21etik 28ra (Clarion Congress hotela); eta Extremadurara irailaren 8tik 14ra (Gran Hotel Don Manuel). Elkarbidean programan izena eman nahi duten herritarrek Udaleko Gizarte Zerbitzuetara joan beharko dute apirilaren 26a, ostirala, baino lehen.

Mugikortasun murriztua duten edota behar bereziko egoerak bizi dituzten pertsonek –diru sarrera eskasak, adibidez– lehentasuna izango dute oporraldirako plaza eskuratzerakoan. Oporretako txanda guztiak antolatzerakoan hainbat ezaugarri hartu dituzte kontuan Elkartuko kideek: hotel irisgarrietan egingo dute egonaldia, joan-etorriak autobus egokituan egingo dituzte, txangoak egingo dituzte, laguntzeko pertsonala jasoko dute eta bidai asegurua egina daukate.