Urolako bizilagunak

Uztarria.eus 2019ko mar. 22a, 17:01

Jabier Arenasek Urola ibaia dokumentala egin du ibai horretan hartutako irudiekin, eta Urola ibaiko faunaren hainbat irudi ekarri ditu 2019ko martxoko Uztarria aldizkariaren Klik! argazki-erreportajea osatzeko, Julene Frantzesena kazetariaren testuek lagunduta.

Amuarraina

Arenasek azaldu duenez, gero eta amuarrain gutxiago dago Urola ibaian, baita Europa osoan ere. Kutsaduragatik izan daitekeelakoan dago, zergatia "argi ez" badago ere. Arenasen esanetan, amuarraina ibaiko erregea izan da, bizirik dagoen oro jaten duelako –zakelak, eltxoak...–. Dena den, orain baditu etsaiak, hala nola ubarroiak eta lertxunak. Beste zenbait arrainekin alderatuta, amuarraina "bakartia" dela dio Arenasek, eta adierazi du arrantzaleen gustukoa dela. Urola ibaia, baina, hil gabeko arrantzarako gune izendatu du Gipuzkoako Foru Aldundiak aurten, baita Ibaieder ere. Hori dela eta, arrantzaleek harrapatutakoa ibaira bueltatu beharko dute aurrerantzean.

 

 

Martin Arrantzalea

Martin Arrantzalea oso ohiko hegaztia da Urola ibaian, baina Arenasek ohartarazi duenez, ez du etorkizun onik. Izan ere, ezkailua du jaki nagusia, eta halako arrain gutxi dago Urolan. Habiak porlanezko hormentan jartzen ditu, eta zerbaitegatik du Martin Arrantzalea izena: adaxketan jartzen da eta handik aritzen da uretan ezkailutan.

 

 

Lertxuntxo Zuria

Arrain jalea da Lertxuntxo Zuria, eta batez ere, larbak, ninfak nahiz zapaburuak ditu elikagai. Negua pasatzera etortzen da Urola ibaira, udan ez da ikusten halako hegaztirik gurean. Arenasek azaldu duenez, batzuetan ibai ertzean egoten dira, arrainak harrapatzen, eta badu berezitasun bat: hankarekin harriak mugitzen ditu jana bilatzeko.

 

 

Ubarroia

Ubarroiak arrain mota guztiak jaten ditu, baina arrainak bakarrik. Urolan neguan soilik ikus daiteke, udan beste toki batzuetara alde egiten duelako. Arenasen arabera, ur azpian "zoragarri" egiten du igerian, eta putzu handiak behar izaten ditu, urperatzeko: "Ikusgarria da igerian ikustea", azaldu du. Hego iragazkorrak ditu, eta argazkian horiek lehortzen ageri da.

 

 

Zapoak eta zakelak

Zapo eta zakel ugari dago Urola ibaian. Zakel bakoitzak 3.000 arrautza inguru jartzen ditu neguan. Putzuetan-eta jartzen dituzte horiek, eta zapaburu bihurtzen dira denborarekin. Ondoren, hankak irtetean, buztana galtzen dute eta zakel bihurtzen dira. Dena den, Arenasen aburuz, "gutxitu" egin dira: "Gaztetan gehiago ikusten genituen. Ibaien kutsadurarekin desagertu egin ziren intsektuak, eta horrek ekarri du zapoen gutxitzea".

 

 

Ur Xoxoa

Arenasek azaldu duenez, Azpeitiko hiru lekutan jartzen dute habia Ur Xoxoek. Horietako bat da Amuko presaren atzea. Hain zuzen ere, presaren eta hormaren arteko tartetik sartzen dira uhate izandakoetara, eta han harrapakarietatik salbu izaten dira. Batez ere, ninfak, larbak nahiz intsektuak jaten dituzte, eta horiek igeri eginda ateratzen dituzte urpetik. Arenasek dioenez, hegazti "bitxia" da, baina "dezente" ikusten da Urola ibaian.

 

 

Uroiloa

Asko ugaritu dira Uroiloak Urolan. "Lepo dago", esan du Arenasek. Hark dioenez, hegazti gehienak 2000. urtearen bueltan agertu ziren ibaian; izan ere, orduan eraiki zituzten ibaiak garbitzeko araztegiak. Arenasek gogoratu duenez, Martin Arrantzaleak ikusten zituzten gaztetan, "besterik ez". Uroiloek ibaiaren erdian jartzen dituzte habiak, urez inguratutako harrien gainean. Urak gora egiten badu, baina, akabo: "Urak dena eramaten du. Baina umealdiak egiten jaraitzen dute; hiru bat umealdi egiten dituzte, agian, urtebetean".

 

 

Urtebeteko prozesua

Irudi bitxi bezain polita grabatu zuen Arenasek: Uroilo bat kumeari jaten ematen. Urola ibaia lanaren egileak azaldu duenez, "ederki" ikusten da irudia ikus-entzunezkoan. Arenasek urtebete pasatu zuen Urola ibaiaren bazterrak arakatzen, irudiak hartzen: "Naturaren ziklo osoa hartu nuen lana gauzatzeko. Izan ere, Urolara neguan etortzen dira hegazti batzuk. Horrenbestez, martxotik martxora egin nituen grabaketak". Azpeitiarra "gustura" da emaitzarekin, nahiz eta ordu asko igaro zituen ibaian urtebete horretan. Hala azaldu du egindako lana: "Lehenengo ikusten nuen zer gertatzen zen; hau da, jokaldia ikusi ostean grabatzen nuen. Kale ere egiten da hala jokatuta, baina...". Zerbaitegatik dio hori urteetan ETBko kameralari izanak.