Xabier Orbegozo: "Sufritzen jakin nuelako egin nuen marka"

Uztarria.eus 2019ko mar. 18a, 17:49
Arria V.a, Tolosako zezen plazan. (Argazkia: Itzea Urkizu / Tolosaldeko Ataria)

Ezohiko marka egin zuen atzo Xabier Orbegozo Arria V.ak (Errezil, 1977). Lau ordu, 49 minutu eta 35 segundo behar izan zituen 40 kanaerdiko ebaki eta 26 kilometro korrika egiteko. Erronkaren biharamunean, "izorratuta, baina gustura" dago.

Zer moduz zaude?

Pixka bat matxakatuta nago, baina beno, helburua lortzen denean, minak errazago pasatzen dira beti. Barrutik gustura nago, baina fisikoki eta gihar aldetik, dezente izorratuta.

Espero zenuena baino hogei minutu lehenago bukatu zenuen erronka. Erraz egin al zenuen?

Ez, ez, erraztasun handirik ez nuen bukaeran. Pasatu nituen ederrak! Herniotik behera nindoala, hanketako bikiak igo zitzaizkidan, eta nahikoa komeri baziren han. Beldurtu ginen pixka bat. Batzuetan, bikiak-eta igotzen direnean, buelta ematen diozu, baina beste batzuetan ezin izaten da jarraitu. Eta orduan izan ziren momentu kritikoak. Oso ondo nindoan denboretan-eta, baina gihar aldetik eta… Eguraldiak ere ez zuen asko lagundu: euria eta hotza…

Denboraz ondo amaitu arren, nahikoa sufritu zenuen, beraz.

Bai, bai, ikaragarri sufritu nuen. Eta gero, Tolosara iritsita, tartea banuen bost ordutik jaisteko, baina hogei kanaerdiko ebaki behar nituen, eta horiek ebakitzeko, sasoi pixka bat behar da. Nola edo hala tira nuen, baina ez zen indarrik soberan.

Zer egin zitzaizun zailena?

Zailena, azken finean, dena da. Azpeitian ebaki nituen aurreneko hogei kanaerdiko horiek ere tramite hutsa dira, baina ebaki egin behar dira, eta lorik ezin duzu hartu. Gero, amaierako tarte hori agian, Azpeitian irabazitakoa zen. Lehen hogei kanaerdikoak dena emanda ebaki nituen, eta Etumetaraino ere hala joan nintzen, baita Herniora ere. Zelatundik Herniora oso bide txarra zegoen, lokatza eta abar. Eta denbora guztian dena emanda joanda, pixkanaka fisikoki  eragiten hasi zitzaidan. Urdaila ere itxi egin zitzaidan, eta nire gorputza beheraka hasi zen. Eta beno, sufritzen jakin nuen, eta horregatik egin nuen marka, sufritu nuelako.

Hainbeste sufritu eta gero, ondo ospatuko zenuen lorpena, ezta?

Barrutik banuen poza, baina egia esan behar badut, ez nuen asko ospatu: ez neukan jateko gogorik, dardarka nengoen… Kamamila bat hartu nuen, eta pixka bat hobeto sentitzen hasi nintzen, baina fisikoki ez zen izan arratsalde gozoa. Baina, poza banuen; 50 lagunetik gorako kuadrilla elkartu ginen, eta oso ondo pasatu genuen. Marka egitea lortu izan ez banu, paliza berdina eta tristura ederra izango nituzkeen.

Gaur, pixka bat errekuperatuta, gustura egongo zara.

Bai, pixka bat asimilatu dut zer egin dudan, eta uste dut handia egin dudala. Pixkanaka, gorputza ere hobeto sentitzen hasten da, eta neure onera etortzen ari naiz.

Jendeak zer esan dizu?

Oso harrera ona sentitu dut. Plazetatik aparte, jende asko ikusi nuen edozein baserri ingurutan, sekulako jende pila bertaratu zen proba ikustera: Komisolatzan, Etumetan nahiz Zelatunen sekulako jendetza zen, Hernion ere bai, Bidanian, Tolosako kaleetan, balkoietan… Denean zen jendea, eta horrek bultzatu ninduen aurrea segitzera, eta sufritu arren, bukatu beharra neukala sentitzera. Oso hunkigarria izan zen; sufritu nuen, baina gozatu ere bai pixka bat.

Babes handia sentitu zenuen?

Bai, bai, oso handia. Uste dut jendearengana iritsi nintzela, eta oso polita izan da. Orain, hotzean pentsatzen hastean, sufrimenduaren oinaze hori joaten denean, orduan konturatzen zara zer jende pila bertaratu zen erronka ikustera. Izorratuta zaudenean ez duzu horretan arreta jartzen, baina jendearen babesa hor geldituko da.

Erronka egin aurretik, esan zenuen egingo zenuen marka saiakera handiena izango zela ziurrenik. Orain, helburua lortu duzula ikusita, beste antzeko bat egitera animatuko al zara?

Ez. Uste dut pertsonak bizitzan horrelako kapritxo bakarra daukala. Berriz muntaia hori dena prestatzen hastea nire partetik ezinezkoa da. Lau ordu pasako lan bat egitea izugarria da, eta nik behintzat, hemen bukatuko dut nire partea. Orain deskantsatu egingo dut, eta gero ikusiko dut zer bide hartu.