Eguraldi bikainarekin, 93 lagunek osatu dute Ardoaren eta Arrainaren ibilbideko hirugarren etapa

Uztarria.eus 2019ko mar. 18a, 15:22

Lagun Onak mendi bazkunak antolatuta, Ardoaren eta Arrainaren ibilbideko hirugarren etapa egin zuten joan den larunbatean. Hain zuzen, , Iurretatik Otxandio artekoa. Eguraldi bikaina lagun zutela, 93 pertsonek amaitu zuten egun osorako prestatutako txangoa.

Azpeitiko mendizaleak goizean irten ziren autobusez Iurretara, eta hara iritsitakoan, kantuan ekin zioten ibilbideari. Hazparneko lagunak ere batu ziren kantura, eta haien abesteko grinak bultzatuta Aita San Migeli koplak abestu zituzten Iurretako plazan. Handik Durangora hartu zuten parte-hartzaileek, eta, gero, Urkiolako Hiru Gurutzetako balkoira. Hango ikuspegi bikainaz eta inguruko mendiez gozatu zuten mendizaleek: Alluitz, Untxillaitz, Aitxiki, Anboto, Oiz, Gorbea... Urkiolako Santutegian geldialdia egin ostean, Otxandioranzko bidea hartu zuten. Hainbat baso zeharkatuz bederatzi kilometro inguru egin zituzten, ibilbide erraz batetatik. Horri esker, txangora animatu ziren lagun guztiak bazkalordurako iritsi ziren Otxandiora. Bertan bazkaldu zuten, eguzki epelean.  

Ondoren, herria ezagutzeko, argazkiak ateratzeko... tartea hartu zuten, eta 16:00ak aldera hartu zuten itzulerako autobusa, eta 17:00ak bueltan iritsi ziren herrira. 

Ardoaren eta Arrainaren ibilbideko hurrengo etapa apirilaren 13an egingo du Lagun Onak mendi bazkunak. Otxandio-Urbina izango da ibilaldia, erraza eta polita. 

Hirugarren etapako argazki galeria osorik, hemen.

(Argazkiak: Lagun Onak MB)