"Gerra zikinak" eragindako gertaerak gogoratuz hasiko dira Pasaiako segadaren 35. urteurreneko ekitaldiak

Uztarria.eus 2019ko mar. 15a, 14:35

Pasaiako segada ez ezik, gogoan izango dituzte 1976ko martxoaren 3ko gertaerak, Txiki eta Otaegi, 1978ko sanferminak, Joxe Arregi, Kattu, Naparra eta Josu Muguruza. Horiek guztiak gogoratzeko Hamaika kasu, aldarri berbera erakusketa prestatu dute. Urtero bezala, Pasaiako segadan hildakoen omenezko lore eskaintza eta ekitaldia ere egingo dituzte martxoaren 22aren bueltan.

Martxoaren 22an 35 urte beteko dira Espainiako Poliziak Komando Autonomo Antikapitalistetako kide ziren Dionisio Aizpuru Kurro eta Pedro Mari Isart Pelitxo azpeitiarrak eta Rafael Delas Txapas eta Jose Maria Isidro Izura Pelu iruindarrak hil zituenetik. Urtero egin ohi duten bezala, Pasaiako segadan hildakoen senide eta lagunek hainbat ekintza prestatu dituzte urteurrenaren bueltan. Dagoeneko jakinarazi dituzte zein diren datozen egunetarako prestatu dituzten ekintzak.

Aurten, Pasaiako segada ez ezik, "gerra zikinak" eragindako beste hainbat gertaera izango dituzte gogoan. Antolatzaileek aurreratu dutenez, honako hauek dira gogoratuko dituzten kasuak eta pertsonak: "Martxoak 3, Txiki eta Otaegi, 1978ko sanferminak, Joxe Arregi, Kattu, Naparra eta Josu Muguruza. Horiek gogoratzeko erakusketa bat prestatu dute Hamaika kasu, aldarri berbera izenburupean. Egitasmo horrek irekiko du Pasaiako segadaren 35. urteurrenaren harira antolatutako egitaraua. Martxoaren 20an irekiko dute erakusketa, eta hilaren 29ra bitartean izango da ikusgai, Foru Ibilbideko erakusketa aretoan. Astegunetan 18:00etatik 20:00etara irekiko dituzte erakusketaren ateak, eta asteburuetan 12:00etatik 14:00etara. 

Pasaiako segadaren urteurrenaren egunean, martxoaren 22an, urtero egin ohi duten lore eskaintza izango da Enparan dorretxearen atzeko monolitoan, 19:00etan hasita. Ekitaldi nagusia martxoaren 23an izango da Azoka Plazan. Ekitaldian parte hartuko Hamaika kasu, aldarri berbera erakusketako kasuekin lotura duten pertsonen senideek. Gonbidatuen artean Eñaut Elorrieta abeslaria izango da. 

Egitaraua argitara atera duten arren, oraindik guztiz itxi gabe dute. Antolatzaileek azaldu dutenez, Azpeitiko ikastetxeetako ikasleek ere badute urteurrenaren bueltan zerbait antolatzeko asmoa. Dena lotutakoan jakinaraziko dituzte prestatutako ekintzen gaineko xehetasun guztiak.