Xoxotera mendi irteera eginez ekingo diote Korrika Kulturalari igandean

Uztarria.eus 2019ko mar. 12a, 14:37

Azkoitiko, Azpeitiko eta Zestoako Korrika batzordeek eta hiru herrietako mendi taldeek elkarlanean antolatu dute Xoxotera mendi irteera. Igandean, hiru herrietatik abiatuko dira mendira, eta hango aterpean hamaiketakoa egingo dute. Izena eman daiteke dagoeneko.

Eskualdeko Korrika batzordeak ari dira apirilaren 12an iritsiko den euskararen aldeko lasterketa zein horren harira egingo duten Korrika Kulturala prestatzen, eta Urola Erdian aurreneko ekitaldiak asteburu honetan bertan egingo dituzte. Izan ere, Azpeitiko, Azkoitiko eta Zestoako Korrika batzordeek Xoxote mendira irteera antolatu dute iganderako, hiru herrietako mendi taldeekin elkarlanean.

Hiru herri, helmuga bat lelopean egingo dute irteera igandean. Asmoa da guztiak 11:00etan Xoxoteko aterpean elkartzea, eta horretarako, herriz herri hainbat irteera ordu zehaztu dute. Azpeitian 09:30ean hasiko dute ibilaldia herriko plazatik. Irteeran parte hartzeko dagoeneko eman daiteke izena, Lagun Onak mendi bazkunaren tabernan, Orkatzen eta Sanagustin kulturgunean. Izena ematen dutenek hiru euro ordaindu beharko dute, eta Xoxoteko aterpean hamaiketakoa egingo dute gero.