Xaputarrak B taldea igoera fasera sailkatu da

Uztarria.eus | Kirolak
2019ko mar. 11a, 10:14

Joan zen larunbatean Kutxa Xake Ligako bederatzigarren jardunaldia jokatu zuten hainbat taldek. Bigarren Mailako igoera faseko partidak Baigeran jokatu zituzten Azpeitiko Xaputarrak A taldeko kideek, eta horiek 2 eta 2 berdindu zuten Billabona B taldearen kontra. Aitor Priyak eta J. Andres Perezek irabazi egin zituzten jokatutako partidak, eta Patxi Isasmendik eta Eneko Alberdik galdu. Emaitza horiekin, igoera faseko zazpigarren postuan da Xaputarrak A taldea, zortzi punturekin.

Hirugarren mailako Xaputarrak B taldeak, berriz, Eibarren neurtu zituen indarrak Eibar B taldearen kontra. 1,5 eta 2,5 irabazi zuten lehia azpeitiarrek; Aitor Elustondok eta Cristian Cretuk partidak irabazi egin zituzten, Migel Angel Gomezek berdinketa lortu zuen eta Iñaki Urangak galdu egin zuen. Emaitza horiek lortuta, igoera fasera sailkatu dira Xaputarrak B taldeko kideak.

Datorren zapatuan Donostian neurtuko dituzte indarrak bi taldeek. Xaputarrak A taldeak Gros F taldearen kontra jokatuko dute, eta Xaputarrak B taldeak Gros I taldearen aurka.

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu