Xabier Isasak irabazi du txirrindularitzako XXXVII. San Jose Saria

Uztarria.eus 2019ko mar. 10a, 20:41

Lagun Onak Txirrindulari Elkarteak antolatuta, Jubenilen XXXVII. San Jose Saria jokatu dute arratsaldean Azpeitian. Lasterketa 16:00etan hasi da anbulatorio aurretik, eta Loiola hotelaren parean bukatu da. Txirrindulariek honako ibilbide hau osatu dute: Azpeitia-Iraeta-Zestoa-Azpeitia-Arroagoia-Zestoa-Azpeitia-Errezil-Azpeitia-Altzarte-Loiola. Antolatzaileek aurreikusten zuten bi ordu inguru iraungo zuela probak, baina arazo batzuk tarteko, gelditu egin dute lasterketa denbora tarte batez, eta horregatik, 18:30 pasata helmugaratu da lehen txirrindularia.

Lehen hiru txirrindulariak batera iritsi dira helmugara; hirurek 2:19 denbora behar izan dute lasterketa amaitzeko. Oso alde txikiarekin, baina proba amaitzen aurrena Xabier Isasa urretxuarra (Bellota) izan da; haren atzetik, Igor Arrieta hernaniarra (Ampo) sailkatu da, eta hirugarren postua Uharte Arakilgo (Nafarroa) Enekoitz Azparrenek (Sakana Group) eskuratu du. Talderik onenaren saria, berriz, Zornotzako (Bizkaia) Ekin koopetaribak jaso du.