Martxoaren 8an

Kalejira aldarrikatzailearekin hasi dituzte Martxoaren 8ko ekintzak

Uztarria.eus 2019ko mar. 8a, 12:15

Kalejirarekin eman diote dozenaka emakumek hasiera Basanderiek asanblada feministak Martxoaren 8rako antolatutako egitarauari. Sanjuandegiko Baigeraren aurreko plazatxoan elkartu dira herritarrak 10:30ean, eta musikak lagunduta egin dute handik Alde Zaharrerako bidea.

Hainbat ardatzetan oinarritutako greba feminista da gaurkoa: zaintza, pentsionistak, ikasleak eta kontsumoa. Aldarri horiek oinarri hartuta, hainbat ekintza egingo dute egun osoan zehar, hala nola kalejira, mosaikoa, bazkaria, mahai ingurua, tailerrak, manifestazioa, afaria eta DJ emanaldia.

Honako hau da Basanderiek asanblada feministak gaurko prestatutako egitaraua:

12:00. Plaza Txikian elkartu, eta pixkanaka herriko plazara sartzen joango dira, bertan lekua hartu eta mosaikoa osatzeko. Txupinazoa botako dute.

12:00. Dendak itxita. "Herriko dendariek grebaren aldarriekin bat egiteko, dendak itxiko dituzte", azaldu du Basanderiek talde feministak.

14:00. Bazkari feminista, Azoka Plazan. Herriko hainbat gizonezkok prestatuko du bazkaria. Bazkarirako aurrez izena eman behar da. Izena emateko tokiak: Emakume Txokoa, Orkatz, Sanagustin kulturgunea, Baigera I eta Baigera II. Internet bidez ere eman daiteke izena basanderiek@gmail.com helbide elektronikora idatzita.

Bazkalondoan, mahai ingurua Azoka Plazan. Gaia: Borroka feministaren bilakaera Azpeitian.

Arratsaldean, tailerrak: futbola, judoa eta eztabaida txokoa.

18:30. Mikro irekia, plazako arkupeetan. Emakumeak animatu dituzte bertan parte hartzera "abestu, irakurri, bertsoak bota, trikitia jo…"

20:00. Manifestazioa zaratatsua, Heteropatriarkatu kapitalistari planto, emakumeok* greba! lelo hartuta. Herriko plazatik irtengo du.

21:30. Afari autogestionatua, plazako arkupeetan. Janaria etxetik eraman beharko da.

22:30. DJ Fina y Segura, plazako arkupeetan.