Egurra helduleku

Uztarria.eus 2019ko mar. 1a, 13:06

Jose Luis Urkizuk eskaladarako listoiak egiten ditu. Tailerrean sobratutako egurrari irtenbidea eman nahian hasi zuen bidea duela hiruzpalau urte. Uztarria aldizkariaren 2019ko otsaileko zenbakian Elena Marguellok Urkizuk egiten duen lanaz osatutako Klik! argazki-erreportajea da honakoa.

Afiziotik ofiziora

Betidanik izan ditu egur lanak ofizio eta eskalda afizio Jose Luis Urkizu Beltzak (Azpeitia, 1977). Orain dela hiruzpalau urte sortu zuen, ordea, Natural Progression proiektua. Pertsona batek egindako eskariari erantzunez hasi zen eskaladarako listoiak egiten, eta orduz geroztik, horretan dihardu. Makina bat eraman zuen tailerrera aurrena, eta "probatzen" hasi zela gogoratu du. "Tailerrean nuen egurrari irtenbidea emateko beharra ikusten nuen, altzarigintza oso geldirik zegoelako".

 

Erreminta ugari

Zerra, arrabota eta cuatro caras makinak erabiltzen ditu Urkizuk listoiak egiteko. Hiru makina horiek erabili ostean, pieza oro bere eskuetatik pasatzen da banaka-banaka lisatzeko. Bezeroak produktuarekin "gustura" gelditzea nahi du azpeitiarrak, eta horrek "denbora eta eskulana" eskatzen dituela adierazi du.

 

Kontuan hartzekoak

Listoiak egiterakoan, bezeroak zenbat eskalatzen duen eta eskalatzeko gunea nolakoa den hartzen ditu kontuan Urkizuk. Horrez gain, listoi horiek zenbat lagunek erabiliko dituzten galdetzen du, baita erabiltzaileek indarra edo erresistentzia lantzeko ariketak egingo dituzten ere. Datu horiek jakinda hasten da diseinuak egiten. Argazkian, eginda dituen listoi batzuk.

 

Egurraren lanketa

Listoiak tamaina txikikoak badira ere, horiek egiteko prozesua ez da batere laburra. Izan ere, enborrak basotik eraman eta prozesu guztia bukatu bitartean, zortzi-hamar aldiz igarotzen dira piezak Urkizuren eskuetatik. Enbor bakoitzarekin taula bat egiten du aurrena, eta horiek lehortzen jartzen ditu gero. Ondoren, egurrei forma ematen hasten da Urkizu: "Makinetan sartzen ditut, eta bizpahiru buelta emanda, beharrezko neurrietan moztu eta zuloak egiten dizkiet".

 

Entrenamenduaren araberako listoiak

Listoi bakoitzak bere ezaugarriak ditu. Horregatik, proiektu berri bat eskuen artean duen bakoitzean, bezeroaren nahiak eta kanpusaren angeluak izaten ditu kontuan Urkizuk. Kanpusa "ariketa zehatz batzuk" egiteko erabiltzen dela eta eskalatzen hasi berria den pertsona horri listoien bidez lagundu behar zaiola adierazi du azpeitiarrak. Aldiz, eskalatzen denbora daraman pertsonak aurrera egin dezan, "gogor" egin behar zaiola esan du. Hortik dator Natural Progression izena: "Naturalki aurrera egiteko nahia adierazteak zerikusia du izenarekin". Argazkian, Urkizuk Donostiako Pio Baroja kiroldegirako egin zuen kanpusa.

 

Lagunak epaimahaikide

Listoiak bukatzean, ez du horiekin probarik egiten, baina zerbait berria egiten duen aldietan, piezak Sokaitzen eskalada lokalera eramaten ditu lagunek proba ditzaten. Urkizuk urteak daramatza eskaladaren munduan murgilduta, eta hark azaldu duenez, dagoeneko badaki "zerk balio duen eta zerk ez". Argazkian, Urkizuk eskalada lokal batean muntatu behar duen kanpuserako piezak.

 

Hainbat tokitan

Urkizuk egindako lanak Euskal Herriko nahiz Espainiako hainbat lokaletan, kiroldegitan, ikastetxetan nahiz etxetan aurkitu daitezke. Bukatutako proiektuak ikusteak "poza eta asebetetzea" sentiarazten dizkio azpeitiarrari. "Jendea nik egindako produktuak probatzen eta erabiltzen ari dela ikusten dut, eta horrek poz handia ematen dit; izan ere, nik egindako lana estimatzen dutela ikustea oso pozgarria da". Irudian, Urkizuk Azpeitiko Iraurgi Ikastetxerako egindako rokodromoa.