Jagoba Labaka, bere taldeko erremontista onena

Uztarria.eus 2019ko ots. 24a, 14:11

Atzo, zapatua, Erremonte Eguna izan zen Hernaniko Galarreta pilotalekuan, eta kirolaz nahiz jai giroaz gozatu ahal izan zuten bertaratutako lagunek. Hainbat sari ere banatu zuten atzokoan, eta horietako bat Azpeitira etorri zen; izan ere, Jagoba Labaka bere taldeko –B taldea– erremontista onena izendatu zuen atzo Oriamendi enpresak. Hori dela eta, oroigarria jaso zuen azpeitiarrak, eta Amets Arzallusek bi bertso abestu zizkion. Beste bi lagunek ere jaso zituzten sariak atzo: Javier Urriza izendatu zuten urteko erremontista, eta A taldeko erremontisten artean, Uterga izan da onena.

Erremonte partidak ere jokatu zituzten atzo, Galarretan. Aurrena Goikoetxea V.ak eta Labakak jokatu zuten Aldaberen eta Zubiriren kontra, eta 35 eta 23 nagusitu ziren Goikoetxea V.a eta Labaka. Bigarren neurketan 30 eta 40 nagusitu ziren Zeberio II.a eta Barrenetxea IV.a Utergaren eta Azpirozen kontra. Hirugarren eta azken partidan, berriz, Segurola, Ezkurra II.a eta Larrañaga 35 eta 30 nagusitu ziren Ansa II.aren, Matxin III.aren eta Agirrezabalaren aurka.