Astelehenean hasiko dira Askapenak antolatutako II. Astindu Europa jardunaldi kritikoak

Uztarria.eus 2019ko ots. 22a, 15:31

"Europako Batasunaren inguruko analisi kritikoa herrira ekartzea eta lantzea" da jardunaldien helburua. Hitzaldi zikloan zehar EBren "eragina" eta horren aurrean "herritik sortutako dinamikak nahiz herri boterea" izango dituzte hizpide. Horretarako, Herrialde Katalanetako eta Greziako brigadistek beren esperientziak partekatuko dituzte. Astelehenean hasiko dira jardunaldiak, Herrialde Katalanak: herri bat, hamaika borroka hitzaldiarekin. Orkatzen izango da, 19:00etan hasita.

Askapena Euskal Herriko erakunde internazionalistak Europako Batasunaren (EB) gaineko Astindu Europa jardunaldi kritikoak antolatu ditu bigarren urtez jarraian. Iazko helburu berarekin prestatu ditu jardunaldiak Askapenak: "EBren inguruko analisi kritikoa herrira ekartzeko eta lantzeko".

Europako Batasunaren "eraginaz" hausnartzeko eta eztabaidatzeko "beharra" dagoela uste du Askapenak, eta horretara datoz antolakundeak prestatutako jardunaldiak: "Europaz eztabaidatzeko beharrak iazko urgentzia berbera du. EBk herritarrongan duen eragina ez da apaldu, eta gero eta bizi baldintza okerragoetan gaude. Langabetu kopuruak gora egin du, eta lan istripuek ez dute etenik, langileokiko esplotazioa areagotzen doa, emakumeon aurkako jazarpenaren sistematizazioa zorrozten, eta Mendebaldeak sortutako miserian ito da mundua. Kontrol soziala mugagabea da, eta EBk badu zerikusi zuzena horretan, urrun badirudi ere batzuetan; hura baita milioika pertsona eta herriren norabide sozio-ekonomikoa diseinatzen duena".

EBk herritarrengan duen eragina ez da izango jardunaldi kritikoetan zehar landuko duten gai bakarra, ordea. Izan ere,"herritik sortutako dinamikak eta herri boterea" ere izango dituzte hizpide hiru solasaldiz osatutako hitzaldi zikloan. Horretarako, Azpeitira ekarriko dituzte Herrialde Katalanetako eta Greziako brigadisten bizipenak nahiz Asier Blas politologoaren hausnarketak.

Esperientziak eta analisiak

Astelehenean, otsailak 25, hasiko dira II. Astindu Europa jardunaldi kritikoak, Herrialde Katalanak: herri bat, hamaika borroka hitzaldiarekin. Orkatz kultur elkartean eskainiko dute hitzaldia, 19:00etan hasita. Solasaldian zehar Herrialde Katalanetako testuinguru politikoa eta askapen prozesua izango dituzte eztabaidagai, baita herri boterea antolatzeko sortutako dinamikak eta proiektuek ere. Askapenarekin Herrialde Katalanetan izandako brigadista batek eskainiko du solasaldia. Halaber, Euskal Herriko erakunde internazionalistak 2019rako prestatu dituen brigaden aurkezpena egingo dute asteleheneko hitzorduan.

Martxoaren 11n jarraituko dute jardunaldi kritikoek, Sanagustin kulturgunean. Saio horretan, Asier Blas politologoak Europako Batasun erreala: demokrazia, burujabetza eta errefuxiatuak izeneko hitzaldia eskainiko du, 19:00etan hasita. Martxoaren 25ean bukatuko dira jardunaldiak, 2018an Greziara joandako brigadistek eskainiko duten solasaldiarekin. Grezia. Troikaren Europako kolonia izenburupean eskainiko dute hitzaldia, 18:30ean hasita, Azpeitiko Gaztetxean. 

Herritarrak 2019ko brigadetara deitzeko honako bideo hau egin du Askapenak: