Komunikabideek indarkeria matxista kasuei ematen dieten trataeraz solasean aritu da Nerea Barjola

Uztarria.eus 2019ko ots. 21a, 17:43

Nerea Barjola izan zen atzo, asteazkena, Emakumeen Txokoan, indarkeria matxista kasuei buruzko diskurtsoek emakumeengan duten eraginaz hitz egiten. Politologo feministak iaz kaleratutako Microfisica sexista del poder. El caso Alcasser y la construccion del terror sexual (Boterearen mikrofisika sexista. Alcasser auzia eta izu sexualaren eraikuntza) liburua aurkeztu zuen, 18:00etan hasita. Liburuaren nondik norakoez eta sexu indarkeria kasuei hedabideetan ematen zaien trataeraz aritu ziren solasean bertaratu ziren dozena inguru herritar.

Barjolak sexu indarkeria kasuei komunikabideek emandako trataera aztertu du Microfisica sexista del poder liburuan. 1992ko azaroan Alcasserren (Valentzia, Herrialde Katalanak) jazotako hilketen inguruan hedabideek egindako tratamendua baliatu du terrore sexualari buruzko kontakizunak nola sortzen eta zabaltzen diren aztertzeko. Dantzaleku batera zihoazela, bi gizonek autostopean hartu zituzten Alcasserko hiru neskak, eta bahitu, bortxatu, torturatu eta hil egin zituzten. Haien gorpuak ez ziren 1993ko urtarrilerarte agertu; urtegi batetik hurbil topatu zituzten, erdi lurperatuta. Hedabideek jarraipen berezia egin zieten bilaketa lanei, hilketei buruzko albisteei eta epaiketari. Horikeriaz blaitutako jardun haren eraginak aztertu zituen Nerea Barjolak bere tesian, eta ondoren, liburu batean jaso zituen. 

Lan hori zen, hain zuzen ere, atzo Azpeitian aurkeztu zuena. Barjolak egindako ikerketan ondorioztatu du komunikabideek ez zutela Alcasserkoa "krimen matxistatzat" hartu, eta, kontrara, sexu indarkeriari lotutako izu mezuak hedatzeko baliatu zutela. Barjolaren hitzetan, "hedabideek diziplina mezu bat igorri zieten garaiko emakumeei, eta urteetan zehar izan du arrastoa andreen jokabideetan".