Kandido Saseta Eusko Gudarosteko komandantea oroituko dute haren senideek larunbatean Loiolan

Uztarria.eus 2019ko ots. 20a, 11:32
Azpeitiko Udalak Eusko Gudarostearen inguruko liburua egin eta Saseta oroitzeko irudia jarri zuen Loiolan. (Maialen Etxaniz)

Loiolan eratutako Eusko Gudarosteko buru izan zen Kandido Saseta, eta zapatuan 82 urte beteko dira hura hil zela. Haren senideek lore eskaintza egingo dute komandantearen oroimenez, eta Azpeitiko Udalari memoria berreskuratzeko egin duen lana aitortuko diote. Udalak 2017an Saseta oroitzeko irudia jarri zuen Arrupe Hotelaren aurreko zelaian. Leku horretan egingo dute zapatuko lore eskaintza, 12:00etan. 

Kandido Saseta Eusko Gudarosteko komandantearen senideek haren oroimenezko ekitaldia egingo dute zapatuan, otsailak 23, Loiolan, komandantzia eratu zen leku berean. Eusko Gudarosteko buru izan zen Saseta, eta zapatuan 82 urte beteko dira hura hil zela. Urtemuga horren harira, komandantearen senideek hura oroitzeko lore eskaintza egingo dute Azpeitian. Hain zuzen, Sasetaren omenez Loiolan jarritako irudiaren aurrean egingo dute ekitaldia, 12:00etan.

Joserra Enparan Sasetaren Aldeko Taldeko (SAT) kideak azaldu duenez, Sasetaren senideek gudaria oroitu ez ezik, Azpeitiko Udalak Eusko Gudarostearen memoria berreskuratzeko egin duen lana aitortu nahi dute larunbateko ekitaldiarekin. "Saseta Hondarribian jaio zen, eta hango hilerrian egiten da urtero haren omenezko lore eskaintza. Aurten, Azpeitian egitea erabaki dute senideek, Azpeitiko Udalari eta Eneko Etxeberria alkateari eskerrak emateko", azaldu du Enparanek. Era berean, Sasetaren memoria zabaldu nahi dutela dio SATeko kideak: "Urola bailaran jende gutxik daki Sasetaren berri, eta jendeak ez daki haren oroimenezko irudi bat dagoela ere. Larunbatekoa bezalako ekitaldiekin Sasetaren irudia ezagutarazten saiatu nahi dugu". Enparanek aurreratu duenez, larunbatekoa ekitaldi "xumea" izango da: "Saseta hil eta bi edo hiru egunera, Basarri bertsolariak esan zuen gudari hark irudi bat merezi zuela. Basarriren testua irakurriko dugu larunbateko ekitaldian. Horrez gain, 1937ko prentsak Sasetaren inguruan idatzitakoa jasotzen duten audioak jarriko ditugu". 

Eusko Gudarostea eta Saseta, Loiolara lotuta

EAJk, ANVk, Jagi-jagik, ELA-STVk eta Euskal Nekazarien Batzarrak eratu zuten Eusko Gudarostea 1936ko abuztuan Loiolan, Franco buru zuen altxamendu faxistari aurre egiteko. 2016. urtean 80 urte bete ziren Eusko Gudarostearen eraketatik, eta urtemugaren harira ekitaldia egin zuten Aranzadi Zientzia Elkarteak eta Azpeitiko Udalak, Loiolan. Orduko hartan, "galtzaileen duintasuna" goratu zuten, eta Eusko Gudarostearekin borrokatuz hil eta urte luzez "ahanzturan" gelditutako gudariak gogoratu zituzten, haien memoria berreskuratzea xede. Ekitaldia amaitzean, haritz bat landatu eta Eusko Gudarostea gogoratzeko oroitarria nahiz ikurriña jarri zituzten Arrupe Hotelaren aurreko zelaian. 

Handik urtebetera, 2017ko uztailean, Eusko Gudarosteaz egindako liburua aurkeztu zuten Aranzadik eta Azpeitiko Udalak, komandantzia eratu zen leku berean: Loiolan. Javi Buces Aranzadi Zientzia Elkarteako kideak ondu zuen Eusko Gudarostearen inguruko liburua, Azpeitiko Udalaren eskariz. Hark azaldu zuenez, "Gudarostea posible egin zuten pertsonen izen-abizenak eta haien historia zehatza berreskuratzeko" egin zuten komandantziaren inguruko liburua. Bucesek azaldu zuenez, Azpeitiko komandantziako 1.277 pertsonen zerrenda aurkitu zuten Salamancako (Espainia) artxibategian. Horietatik 569 lagunen informazioa bilatu eta egiaztatu zuten. Horrez gain, EAE-ANVko 259 boluntarioren informazio zehatza jaso zuten liburuan. Lan hura aurkezteaz gain, Eusko Gudarosteko komandantearen omenezko irudia jarri zuten Aranzadik eta Udalak Arrupe Hotelaren aurreko zelaian. Leku horretan bertan egingo dute larunbateko lore eskaintza Sasetaren senideek.