Haurrentzat igeriketa ikastaroak eskainiko ditu Kirol Patronatuak datozen hilabeteetan

Uztarria.eus 2019ko ots. 12a, 14:16

Zazpi hilabete eta bi urte bitarteko haurrentzat, hasiberrientzat eta trebatu nahi duten haurrentzat izango dira saioak. Aurrenekoak martxoan hasiko dira. Hastapeneko ikastaroko izen-ematea zabalik dago jada. 

Mailaren edo adinaren araberako hiru igeriketa ikastaro eskainiko ditu Kirol Patronatuak haurrentzat. Zazpi hilabete eta bi urte bitarteko haurrentzat, hasiberrientzat eta trebatu nahi dutenentzat izango dira saioak, eta aurrenekoak martxoan hasiko dira. 

Martxotik ekainera bitartean hasiberriei zuzendutako igeriketa ikastaroa eskainiko dute, eta izen-ematea zabalik dago jada. Ikastaroko saioak 17:30etik 18:20era egingo dituzte, baina ez dute eguna zehaztu. Kirol Patronatuko bazkide diren lagunek 105,06 euro ordaindu beharko dute  izen-ematea. Bazkide ez direnek, aldiz, 183,87 euro.  

Bigarren mailako ikastaroa –hasiberriena eginda dutenei zuzendutakoa– martxotik ekainera egingo dute. Izen-ematea itxita dago oraindik, eta otsailaren 18an irekiko da. Ikastaroko saioak 18:20etik 19:10era izango dira, baina ez dute zehaztu zein egunetan izango diren. Izen-ematea 105,06 euro izango da Kirol Patronatuko bazkideentzat. Bazkide ez direnek, aldiz, 183,87 euro ordaindu beharko dituzte.  

Zazpi hilabete eta bi urte bitarteko haurrentzako ikastaroa, aldiz, apirilean hasi eta ekainean amaituko da. Ikastaroko saioak larunbatez eskainiko dituzte: apirilaren 6an ,13an, 27an, maiatzaren 4an, 11n, 18an eta 25 eta ekainaren  1ean 8an, 15ean, 22an eta 29an. Ordutegia ez dute zehaztu, baina ordu erdiko saioak izango direla aurreratu dute.  Ikastaro horretako izen-ematea otsailaren 18an zabalduko da. Kirol Patronatuko bazkideek 39,55 euro ordaindu beharko dute hileko. Bazkide ez direnek, aldiz, 69,23 euro.

Informazio zehatzagoa nahi duenak Kirol Patronatura jo dezake.