Txapela Urolan geldituko da

Urola Kostako Hitza 2019ko ots. 8a, 15:15
Alaitz Badiola eta Naroa Agirre, Frontoi Txikian. (Mailo Oiarzabal)

Binakako Emakumea Pilotari Txapelketaren finalak gaur jokatuko dira Zestoako kiroldegian, 18:30ean hasita. Alaitz Badiola azpeitiarra eta Naroa Agirre arroarra aurrez aurre izango dira Bigarren Mailakoan.

Pilotazaleek aitzakia gutxi dute gaur Urolaldean gustuko kirolaz gozatzeko. Gauean, profesional mailako gizonezkoen eskuz binakako txapelketak iritsiko dira Izarraitz frontoira eta ez dira gutxi izango hango harmailetan elkartuko diren zaletuak. Eguneko lehen hitzordua, ordea, Zestoan izango da. 18:30ean hasita, eskuz binakako I. Emakumea Pilotari Txapelketaren bi finalak jokatuko dituzte, kiroldegiko pilotalekuan: Bigarren Mailakoan, Zubizarreta-Badiola eta Arteaga-Agirre ariko dira nor baino nor; Lehen Mailakoan, berriz, Urien-Espinar eta Mendizabal-Mendizabal bikoteek neurtuko dituzte indarrak.

Zestoan jokoan jarriko dituzten bi txapeletako bat, Bigarren Mailakoa, eskualdean geldituko da; Alaitz Badiolak (Azpeitia, 1981) ala Naroa Agirrek (Arroagoia, 2003) jantziko duen, horixe da erabakitzeko dagoena. Urolako bi protagonistek beren buruari presioa kendu nahi diote: “Beraiek geratu ziren aurrenak ligaxkan eta beraiek aterako dira gorriz”, dio azpeitiarrak; “bai, baina bi partida besterik ez ditugu jokatu”, errepikatu du birritan arroarrak. Faborito izendapenik ez du nahi inork, baina final “gogorra” espero dute.

Bost bikote lehiatu dira Bigarren Mailako ligaxkan. Berez, launa partida jokatu behar zituzten, baina zenbait gorabehera tarteko, bi bikotek huts egin dute hainbat hitzordutan; horregatik iritsi dira finalera zuzenean Arteaga eta Agirre bi neurketa bakarrik jokatu ondoren, adibidez.

Jarraitu irakurtzen Urola Kostako Hitzaren webgunean.