Eguraldi kaskarrarekin baina giro ederrean hasi dituzte Santa Ageda jaiak Matxinbentan

Uztarria.eus 2019ko ots. 2a, 20:46

Atzotik festan murgilduta dabiltza Matxinbentan. Suziriak bota ostean, 22:00etan ekin zioten Santa Ageda jaiei, urtero egin ohi duten mus txapelketarekin. Orotara, 18 bikotek parte hartu zuen festetako mus txapelketan, eta Pello Aizpuru eta Alejo Uranga izan ziren irabazleak. Txapel bana eta 200 euroko diru saria eskuratu zituzten Aizpuruk eta Urangak. Bigarren sailkatu zen bikoteak arkumea eta bi txanpain botila eskuratu zituen eta hirugarrenek oilasko parea eta bi ardo botila.

Gaur, zapatua, jarraitu dute jaietarako prestatutako egitarauarekin. Eguraldiak lagundu ez duen arren, umore onez hartu dituzte festak Matxinbentako bizilagunek, eta jai giro ederrean igaro dute arratsaldea. Haurrentzako puzgarriak, pailazoen emanaldia eta txokolatada izan dira arratsaldean zehar. Gauerako bertso afaria prestatu dute, eta Iker Zubeldia eta Iban Urdangarin arituko dira bertsotan, eta Lidia Irigoien eta Xabier Etxaniz trikitilariek alaituko dute giroa. 

Bihar, berriz, meza, umeentzako jolasak, pilota partidak eta herri kirolak izango dira. Astelehenean izango da Santa Ageda bezpera, eta urtero moduan eta usadioari eutsiz, santa eskean aterako dira Matxinbentako auzotarrak goizean goiz. Auzoz auzo eta baserriz baserri ibiliko dira eskean, Jon Gurrutxaga eta Juan Jose Eizmendi Loidisaletxe bertsolariak eta Laja eta Izer trikitilariek lagunduta. Festak asteartean, Santa Ageda egunean, bukatuko dira: meza, jubilatuentzat hamaiketakoa eta otarrearen zozketa egingo dituzte.

Hona hemen datozen egunetarako prestatutako egitaraua: 

Otsailak 3, igandea

11:00. Meza.

Ondoren, umeentzako jolasak.

Segidan, Azpeitiko eta Beasaingo pilotarien partidak.

Eguerdian, herri kirol jaialdia. Mikel Larrañaga eta Eneko Otaño ariko dira aizkoran, eta Izeta III.a eta Urra harrijasotzen.

Egun osoan zehar, Itzeder eta Txibilter trikitilariak ariko dira auzoa alaitzen.


Otsailak 4, astelehena, Santa Ageda bezpera

Auzotarrak santa eskean aterako dira, Jon Gurrutxaga eta Juan Jose Eizmendi Loidisaletxe bertsolariarekin eta Laja eta Izer trikitilariekin.


Otsailak 5, asteartea, Santa Ageda eguna

11:00. Meza.

Ondoren, jubilatuentzat hamaiketakoa.

Festei bukaera emateko bertako produktuz betetako otarrea zozkatuko dute.

Segidan, jaien amaierako suziriak.