Azoka Plaza, urtebete bertakoa elikatzen

Uztarria.eus 2019ko ots. 2a, 14:53

Bihar urtebete beteko da Azoka Plaza berritua inauguratu zutela, eta gaur, zapatua, urtebeteko ibilbidearen errepasoa eta proiektu berrien aurkezpena egin dute bertan proiektua sustatzen ari diren eragileek. Ehunka lagun bertaratu dira Azoka Plazara, eta Onintza Agirreren ahotsarekin eta gitarra doinuekin hasi da ekitaldia. Hain zuzen ere, Anariren eta Katamaloren abesti bana jo eta kantatu ditu sortzaile azpeitiarrak. Ondoren, Azoka Plazako proiektuaren hainbat zertzelada eman du saioaren gidari lanak egin dituen Eneritz Albizuk.

Lehen sektorea sustatzeko, herritarren elkargune bilakatzeko eta ekonomiaren motore izateko jarri zuten martxan Azoka Plazaren egitasmoa, eta Albizuk gogorarazi du Azoka Plaza proiektu bat dela, "egiteko modu bat". Hiru helbururekin sortu zuten Azoka Plazaren proiektua: bertako produktuen azoka izateko eta baserritarrek salmenta zuzenerako aukera izateko; tokiko ekonomiaren aldeko apustua egiteko, Azoka Plaza motore izanik; eta iraunkorra eta jasangarria den tokiko elikadura sarea osatzeko. Oinarriak "finkatuta" daudela adierazi dute.

Ondoren, herritar ugariren iritziak biltzen dituen bideo bat eman dute; tartean ziren Elikaguneko kideak, baserritarrak, erosleak nahiz eragileetako ordezkariak. Ioritz Aizpuru Azoka Plaza barruko Elikagunea saltokia kudeatzen duen Artxara kooperatibako kideak bideoan esan duenez, urtebetean erantzun "oso ona" izan du proiektuak. "Erronka berriak ditugu; izan ere, sentsibilizazioan eragitea eta hitzaldiak nahiz sukalde ikastaroak eman nahi ditugu". Hark gogorarazi du hiru kidek hasi zutela Elikagunearen proiektua, eta gaur egun bost direla jakinarazi du.

Proiektu pilotua

Azoka Plazaren urtebeteko ibiliaren balorazio positiboa eginda, aurrera begirako erronkez ere aritu dira gaurko ekitaldian, eta jakinarazi dute proiektu pilotu bat jarriko dutela martxan aurten. Agertokian izan dira Ioritz Aizpuru Elikaguneko ordezkaria, Josu Labaka Udaleko zinegotzia, Aintzira Oinederra proiektu pilotuaren sustatzailea, Yurre Peñagarikano Urkomeko gerentea eta Mirene Begiristain EHUko kidea eta Ekonomia eta Enpresa Zientzietan doktorea. Oñederrak azaldu duenez, proiektuaren xedea da lehen sektorearen eta erabiltzaileen arteko zubiak eraikitzea. "Banaketa sistema bat jarriko da martxan, eta harremanak sustatuko eta koordinatuko ditugu".

Herrian bertako kalitatezko produktuen kontsumoa bultzatzeko sarea sortzea du helburu martxan jartzear duten proiektuak, eta ikastetxeetako jangeletan, jatetxeetan nahiz bestelako establezimentuetan txertatu nahi dute egitasmoa. Proiektua merkaturatze bide berriak irekitzeko helburuz proposatu dute. "Elkarlana sustatu nahi dugu, baserritarren bizi kalitatea hobetzeko", azaldu du Peñagarikanok.

Aizpuruk adierazi duenez, normalean baserritarrak arduratzen dira produktuak ekoizteaz, eraldatzeaz eta banatzeaz, eta ekoizleen eta kontsumitzaileen arteko harremana zuzena izatea "garrantzitsua" bada ere, banaketa lanak moldatzearen garrantzia azpimarratu du. "Ekoizleen produktu desberdinek ibilbide berak egiten dituzte, eta produktu kantitate txikiak mugituta ez zaio etekinik ateratzen garraioari". Hori dela eta, banaketa lanak modu kolektiboan eta antolatuan egitearen garrantziaz ohartarazi du Aizpuruk: "Tokiko produktuen garraio lanak koordinatuko dira proiektuari esker, eta modu horretan, erabiltzaileei eskaera eta horniketa erraztuko zaizkie". Hark azaldu duenez, urtebete honetan ikusi dute produktu batzuen ekoizpenean "hutsuneak" daudela, eta hutsune horiek betetzeko denen artean koordinatzea garrantzitsua dela adierazi du.

Labakak ere hartu zuen hitza aurkezpenean, eta hark esan zuen proiektua nola txertatu aztertzen ari dela ideia garatzeaz arduratzen ari den lantaldea: "Ikusi egin beharko da ikastetxeetako eta jatetxeetako banaketak nola egin". Labakak ekoizleen lantaldea osatzearen garrantzia azpimarratu eta erabiltzaile konprometituak beharko direla ere adierazi du: "Sukaldean izango diren aldaketen aurrean jarrera aktiboa izango duten erabiltzaileak behar ditugu, eta gure lana izango da sektoreen arteko komunikazioa ahalbidetzeko tresnak eta espazioak irekitzea".

Ikerketari ere zabalduko diote bidea proiektuarekin. Bi helbururekin hasiko dira bidea urratzen: "Hornikuntza zubilanak egiteko irakaspenak baditugu, baina baita ikerketa beharrak ere; eta kontsumo ohiturak aztertuko ditugu jatetxeetan, jangeletan nahiz Elikagunean. Begiristain EHUko ikerlariak azaldu duenez, horniketa prozesuan sortzen diren beharretan jarriko dute ikerketaren fokua. Izan ere, haren aburuz, proiektua "oso garrantzitsua" da berrikuntza bide berriak bilatzeko eta kontsumo sentsibilizaziorako.

Ekitaldia bukatzean, argazkia atera dute bertaratu diren herritarrek eta erakundeetako nahiz eragileetako ordezkariek, Azoka Plazaren atarian.