Otsailaren 7an Azkoitian hasiko da Erniarraitzen Bertso Astea

Uztarria.eus | Kultura
2019ko urt. 31a, 10:45

Lau ekitaldi antolatu dituzte otsailaren 7tik 17ra bitarterako. Azkoitian bertso poteoa egingo dute, Zestoan bertso saioa, Errezilen bertso afaria eta Azpeitian haurrei zuzendutako bertso emanaldia.

Orain bi urteko Bertso Asteko irudi bat.  Ikusi haundiago | Argazki originala

Erniarraitz bertsozale elkarteak Bertso Astea antolatu du otsailaren 7tik 17ra bitarterako. Hain zuzen ere, datorren ostegunean hasiko da Erniarraitzek bi urtez behin antolatzen duen egitasmoa; bertso poteoa izango da Azkoitian, 19:00etan hasita, eta Andoni Egaña nahiz Nerea Ibarzabal bertsolariak ariko dira kantuan.

Asteko bigarren hitzordua otsailaren 10erako, iganderako, prestatu dute. Zestoako Kultur Etxean bertso saioa izango da 18:00etan hasita, eta Jone Uria, Unai Iturriaga, Beñat Lizaso eta Jokin Uranga izango dira agertokian. Gai-jartzaile lanetan, berriz, Aitor Salegi ariko da.

Errezilen ere egingo dute ekitaldi bat: bertso afaria. Otsailaren 15ean, ostiralez, izango da, eta Unai Agirre eta Jexux Mari Irazu ariko dira bertsotan. Afarirako aurrez izena eman behar da erniarraitz@gmail.com helbidera mezua idatzita edo 943-15 17 28 telefono zenbakira deituta. Borondegin egingo duten bertso afaria 30 euro ordaindu beharko da.

Bertso Asteari bukaera emateko, haurrentzako bertso saioa izango da Azpeitian. Otsailaren 17an egingo dute, Sanagustin kulturgunean, Bertso jasa izenburupean, eta Unai Mendizabal eta Maddalen Arzallus ariko dira kantuan.

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu