Emakumea Pilotari Txapelketaren finalaurrekoak jokatuko dituzte ostiralean Izarraitzen

Uztarria.eus | Kirolak
2019ko urt. 29a, 17:02

Bigarren Mailako kanporaketan, hiru azpeitiar ariko dira lehian: Usue Zubizarretarekin bikotea osatuko duen Alaitz Badiolak aurrean izango ditu Nagore Aramendi eta Oihana Orbegozo. Lehen Mailako finalaurrekoan, Nora Mendizabalek eta Maider Mendizabalek Eneritz Arrieta azkoitiarrarekin eta Amaia Araiztegirekin neurtuko dituzte indarrak. 18:30ean hasiko da jaialdia.

Alaitz Badiola izango da ostiralean lehiatuko den pilotarietako bat.  Ikusi haundiago | Argazki originala

Gipuzkoako Pilota Federazioak lehen aldiz antolatu duen eskuz binakako Emakumea Pilotari Txapelketa azken txanpan sartuta dago. Ostiralean, otsailaren 1ean, Azpeitian jokatuko dituzte finalaurrekoak, eta etxeko pilotariak nor baino nor jokatzen ikusteko aukera izango da Izarraitz pilotalekuan.

18:30ean hasiko da ostiraleko pilota jaialdia eta bi partida jokatuko dituzte bertan, Bigarren Mailako finalaurrekoa lehendabizi eta Lehen Mailakoa ondoren. Bigarren Mailan, segurua da gutxienez azpeitiar batek lortuko duela finalerako txartela. Izan ere, ostiraleko kanporaketan hiru azpeitiar ariko dira lehian: Usue Zubizarretarekin bikotea osatuko duen Alaitz Badiolak aurrean izango ditu Nagore Aramendi eta Oihana Orbegozo. Lehen Mailako finalaurrekoan, berriz, Nora Mendizabalek eta Maider Mendizabalek Eneritz Arrieta azkoitiarrarekin eta Amaia Araiztegirekin neurtuko dituzte indarrak.

Bi mailetako ligaxketan bigarren eta hirugarren postuetan sailkatu ziren bikoteak dira Izarraitzen finalaurrekoak jokatuko dituztenak. Ligaxkan maila bakoitzean lehen postuan sailkatu ziren bikoteak, berriz, zuzenean sailkatuta daude finalerako: Urien eta Espinar Lehen Mailan, eta Arteaga eta Agirre Bigarren Mailan.

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu