Ioritz Hidalgo 26 urtez azpikoen etorkizuneko 30 liderren artean izendatu dute

Uztarria.eus 2019ko urt. 29a, 12:51

Sektore desberdinetan lan egiten duten 3.000 gazteren artean hautatu du azpeitiarra ThePowerMBA enpresak. 22 urte ditu Hildagok, eta hark adierazi duenez, aitortza horri esker beste pauso bat eman du ibilbide profesionalean.

ThePowerMBA enpresak 26 urtez azpikoen etorkizuneko 30 liderren artean hautatu du Ioritz Hidalgo azpeitiarra. Drive Brands, Numadoo edota LeanWeekend enpresa ideien sortzailea da azpeitiarra, eta egun, Marketin Saileko zuzendaria da Viviz enpresan. Atzo bertan, Holpper higiezinen enpresa jarri zuen martxan beste hainbat pertsonekin batera. 22 urte ditu azpeitiarrak.

On line masterrak eskaintzen dituen enpresa da ThePowerMBA, eta Espainiako estatuan sektore desberdinetan lan egiten duten 3.000 gazteren artean egin du aukeraketa. Enpresagintzan egin duen lanarengatik sartu dute etorkizuneko liderren zakuan azpeitiarra. Azken urteetan, Valentzian bizi da, eta hark Uztarriari adierazi dionez, aitortza horri esker beste pauso bat eman du ibilbide profesionalean.

Aitortzaz gain, masterra egiteko beka bat ere jaso dute hautatuek, eta ThePowerMBA enpresak azpimarratu duenez, Hidalgok "pasioz" heltzen dio egiten duen guztiari, eta dena ematen du bere helburua lortzeko. "Asko gustatzen zaio ikastea eta egiten dakien hori besteei laguntzeko erabiltzea". Azpeitiarrak aitortu du egiten duena "ikaragarri" gustatzen zaiola eta horren emaitza dela duen curriculuma. "Etengabe aurrera egiten dut, neure buruari helburuak jartzen baitizkiot, eta horiek betezen saiatzen naiz. Lana gustukoa dudanez, bere kasa egiten du aurrera guztiak. Hori oso garrantzitsua da".

Ez da Hidalgok gisa horretako aitortza jasotzen duen lehenengo aldia. Izan ere, duela bi urte, bigarren saria eskuratu zuen Europako gazte ekintzaileei zuzendutako Eu-xcel programan. Orduan hezurmamitu zuen, beste lau lagunekin batera, Drive Brands proiektua. Sari horren harira, elkarrizketa egin zion azpeitiarrari Urola Kostako Hitza egunkariak.