Lehen arreta zerbitzua hobetzea eskatu dute anbulatorioko langileek

Uztarria.eus 2019ko urt. 28a, 11:48

Anbulatorioko langile ugarik kontzentrazioa egin zuten joan zen ostiralean, lehen arreta zerbitzua hobetzea eskatzeko. Lehen osasun arreta "indartsua, eraginkorra eta iraunkorra" eskatzen dute anbulatorioko langileek, eta agendari, aurrekontuari nahiz giza baliabideei lotutako hainbat eskaera egin dute.

Batetik, kalitatezko agenda mugatuak galdegin dute Azpeitiko anbulatorioko langileek: "Egingarriak diren agendak planteatzen ditugu, 30 hitzordutako muga gaindituko ez dituztenak. Horrez gain, arreta zuzeneko ez diren lanorduak aintzat hartzea nahi dugu, funtsezkoak baitira formakuntza, irakaskuntza, komunitate-jarduera eta ikerketa". Bestetik, lehen arretaren aurrekontua handitzea ere eskatu dute langileek: %20 igotzea 2019an, eta %25 igotzea 2021ean. Horrez gain, anbulatorioan mediku bakoitzeko erizain bat izatea eskatu dute, baita dagokien formakuntzadun behar adina administrazio langile izatea ere.

Bestalde, giza baliabideen plana izatea ere eskatu dute, jubilazio eta bakante kasuetan plazak interinitate bidez bete ditzaten. Horrez gain, oporrak, formakuntza, soldatarik gabeko baimenak, gaixotasun bajak eta beste arrazoiengatik sortutako huts egiteen ordezkapen nahikoa izatea ere aldarrikatu dute. Gainera, osasun langileek kanpora joan behar izatea sahiestea nahi dute, eta behin-behineko langileek kontratuak hobetzea ere bai, lantaldeen egonkortasuna bermatzeko.