Zozkatu dituzte babestutako eta udal sustapeneko 70 etxebizitzak

Uztarria.eus 2019ko urt. 25a, 16:13
Etxebizitzaren zozketa hasi aurretik hartutako irudi bat. (Azpeitiko Udala)

Atzo arratsaldean zozkatu zituzten 29 Babes Ofizialeko Etxebizitza eta 41 udal sustapeneko etxebizitza, Soreasu antzokian. Datorren astean hasiko dira tokatu zaienei deitzen. Eneko Etxeberria alkatearen arabera, jendearen interesak jarraitzen badu, aurten bertan jarriko dute abian bigarren faseko etxebizitzak eraikitzeko prozedura.

Zozkatu dituzte Babes Ofizialeko Etxebizitzak eta udal sustapenekoak. Atzo arratsaldean, 19:00etatik aurrera, zozkatu zituzten, Soreasu antzokian; jende ugari bertaratu zen. Guztira, 70 etxebizitza zozkatu zituzten: 29 babestutako etxebizitza Esklabak-Iturzulo eremuan –horietako bi egokituak–; eremu berean, udal sustapeneko 33 etxebizitza –horietako bi egokituak–; Bustinzuriko Errebalean, udal sustapeneko lau etxebizitza; eta Done Jakue kalean, udal sustapeneko beste lau etxebizitza. Guztira, 408 herritarrek parte hartu zuten atzoko zozketetan – horietako batzuek zenbaki bat baino gehiagorekin–. 252 lagun Babes Ofizialeko Etxebizitzen zozketan zeuden izena emanda, eta 156 udal sustapenekoenean.

Zozketa hasi aurretik, Eneko Etxeberria Azpeitiko alkateak zenbait azalpen eman zituen. Hark azaldu zuen datorren astetik aurrera hasiko direla etxebizitza tokatu zaienei deitzen eta etxebizitza aukeratzeko informazioa ematen. Zortedunak izan ez direnei ere zuzendu zitzaien: "Jende askok eman duzue izena, eta uste dugu etxebizitza beharra dagoela herrian. Proiektua aurkeztean esan genuen bezala, bi fase izango ditu prozesuak. Beharra eta erantzuna ikusita, etxebizitza tokatzen ez zaizuenoi ere deituko dizuegu, eta interesak jarraitzen badu, aurten bertan jarriko dugu abian bigarren faseko etxebizitzak eraikitzeko prozedura. Hori da gure konpromisoa", adierazi zuen.

Hona hemen etxebizitzak tokatu zaizkien herritarren zerrendak:

  • Esklabak-Iturzulo eremuko BOEk

Kupo orokorra

Mugikortasun mugatua

  • Esklabak-Iturzulo eremuko udal sustapeneko etxebizitzak

Kupo Orokorra 

Mugikortasun mugatua