Agortu egin dira Ene Kantakek Soreasun eskainiko duen ikuskizunerako sarrerak

Uztarria.eus 2019ko urt. 24a, 14:15

Ene Kantak taldeak otsailaren 3an eskainiko du haurrentzako ikuskizuna Soreasun. Gaur amaitu dira Satorjator, lurraren bihotzera bidaia emanaldirako salgai jarritako sarrera guztiak.

Ene Kantak taldeak Satorjator, lurraren bihotzera bidaia izeneko ikuskizuna eskainiko du otsailaren 3an, igandez, Soreasu antzokian. Emanaldiaren data iristeko bi asteren faltan, dagoeneko agortu dira salgai jarritako sarrera guztiak. Gaur, osteguna, eman du horren berri Kulturaz kooperatibak.

Otsailaren 3ko emanaldia 16:30ean hasiko da. Ikuskizunean zehar haurrei eta gaztetxoei zuzendutako Satorjator diskoan bildutako hemeretzi abesti inguru eskainiko dituzte Ene Kantak osatzen duten lagunek, eta Soreasura bertaratzen diren haurrek abesti horiekin dantzatzeko aukera izango dute. 

Ene Kantakek haurrentzako euskarazko abesti dantzagarriak sortzen eta moldatzen ditu. Kantu bakoitzak bere koreografia du, haurrek dantzatzeko sortutakoa. Eskainitako emanaldietan lortutako diruaren zati bat euskara sustatzeko proiektuetara bideratzen du Ene Kantak taldeak.