Sansebastianak 2019

Ikasleek gaur estreinatuko dituzte sansebastianak

Uztarria.eus 2019ko urt. 18a, 10:05
Iraurgi Ikastetxekoak, iaz, parrokia atarian. Aurten ikastetxeko jolastokira itzuliko dira.

Danbor hotsak nagusi izango dira San Sebastian bezperaren bezperan herriko ikastetxeetako jolastokietan. Goiz eta arratsaldez izango dituzte danborradak Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegarain eta Iraurgi Ikastetxean, eta arratsaldez Azpeitiko Ikastola Ikasberrin.

Bihar murgilduko da Azpeitia San Sebastian festetan, baina gaurtik ozen entzungo dira jada danborradako doinuak. Izan ere, herriko ikastetxeetan gaur egingo dituzte beren danbor festak, kaleko festa nagusirako giroa berotuz, bide batez.

Goiz eta arratsaldez izango dituzte danborradak Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegarain eta Iraurgi Ikastetxean, eta arratsaldez Azpeitiko Ikastola Ikasberrin. Hauek dira ikastetxe bakoitzean prestatu dituzten egitarauak:

Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegarai

HHko 2 urteko haurrek goizean egingo dute danborrada, 11:15ean hasita, Euskal Herria kaleko eraikineko barruko jolastokian.

HHko 3, 4 eta 5 urtekoen festa 15:30ean hasiko da, hori ere Euskal Herriako eraikinean, eta 16:00etatik aurrera astinduko dituzte atabalak LHko ikasleek Perdillegiko eraikinean. Arratsaldeko bi danborradak kanpoko jolastokietan egingo dituzte eguraldiak laguntzen badu, eta ikustera joan nahi duen orok ateak irekita izango ditu batean zein bestean. Euria egiten badu, ordea, aterpean egingo dituzte danborradak, eta kasu horretan ikasleek eta irakasleek bakarrik egingo dute festa, edukiera mugatua tarteko.

Iraurgi Ikastetxea

Iraurgin ere goizez egingo dute danborrada txikienek; HH1eko ikasleek joko dute danborra, eta HH2ko ikasleak eta hezitzaileak izango dituzte ikusle.

Arratsaldean, 15:30ean, DBH 1eko eta 2ko ikasleek San Martin egoitzan joko dute. Ondoren, ikastetxera itzuliko dira, HH2tik LH6ra bitarteko ikasleekin elkartu eta danborrada egiteko. Eguraldi txarra egiten badu, ikastetxeko frontoian egingo dute ekitaldia.

Azpeitiko Ikastola Ikasberri

Ikasberrin elkarrekin ariko dira maila guztietako ikasleak ikastolako danborradan. HHtik hasi eta LHko 6. maila arteko ikasleek jolastokian egingo dute festa 16:00etatik aurrera. Euria bada, frontoiko estalpean joko dute.