Zuri Hartz galeria irekiko dute gaur Erdikalean

Uztarria.eus 2019ko urt. 17a, 17:09

Gorka Larrañaga azkoitiarrak Reset obrarako sortutako margolanak dira ikusgai egongo diren aurreneko lanak. Musikak ere izango du lekua galerian, eta Thierry Biscaryk, Kalakan musika taldeko kide ohiak, Manez eta Kobreak diskoaren aurkezpena egingo du gaur. Irekiera 18:30ean izango da. 

Arte disziplina ezberdinen galeria berri bat irekitzear da Azpeitian. Zuri Hartz du izena Erdikaleko 6. zenbakian zabalduko duten lokalak, eta hilabeteetan lanean aritu ostean gaur, osteguna, irekiko dute estreinakoz, 18:30ean. Gaurtik hasita, Gorka Larrañaga azkoitiarraren Reset erakusketa izango da ikusgai Zuri Hartz galerian. 19:00etan Thierry Biscaryk, Kalakan musika taldeko kide ohiak, Manez eta Kobreak diskoaren aurkezpena egingo du, eta irekiera ekitaldiak irauten duen bitartean Unai Mujikak prestatutako luntx gastrobotanikoa dastatzeko aukera izango da. Elikaguneko lagunek kolaboratuko dute luntxean.

Bihar, aldiz, haurrei zuzendutako sormen adierazkortasun tailerra eskainiko du Ione Urrestillak Zuri Hartzen. Zapatuan, hilak 19, biodantza saioa emango du Ana Pavok. Arratsaldean jarraituko dute biodantzarekin, eta beste saio bat eskainiko du Teresa Lopez de Munainek, 16:00etan hasita. 

Aste honetarako ez ezik datozen asteetarako egitaraua ere prest dute Zuri Hartz galerian. Urtarrilaren 25ean Kundalini yoga saioa eskainiko dute 10:00etan hasita. Ikastaroak ere iritsiko dira Erdikaleko galeriara. Izan ere, Gorka Larrañaga artistak collage tekniken tailerra eskainiko du hilaren 29tik otsailaren 21era, asteartetan eta ostegunetan, 18:30etik 21:30era.