Sansebastianak 2019

Kosakoak, 50.erako prest

Urola Kostako Hitza 2019ko urt. 17a, 13:02
Luis Mari Galdos, Angel Gereta eta Agustin Jimenez, banderarekin eta jantziarekin. (Mailo Oiarzabal)

Arauntza elkartearen taldeak zenbaki borobila beteko du etzi San Sebastian bezperako danborradan eta dagokion omenaldia jasoko du banderaren igoeran. Gau berezirako gogoz daude.

Datorren azaroan beteko da Arauntza soziedadea inauguratu zuteneko mende erdia, baina 50 zenbaki borobilarekin lotutako aurreneko ospakizuna lehenago iritsiko zaie Juan XXIII.aren auzunean dagoen elkartekoei. Izan ere, soziedadea sortu eta bi hilabetera, 1970eko urtarrilaren 19an, irten zen lehen aldiz Arauntzako taldea San Sebastian bezperako helduen danborradan. Horrela, etzi izango dute 50. aldia Azpeitiko sansebastianen danborrada jendetsuenean. Taldeek mende laurdena zein erdia betetzen duten aldiro bezala, dagokion omenaldia jasoko dute Arauntzakoek udaletxean, bandera igotzearen ekitaldiaren barruan.

Taldeak urte guzti hauetan izan dituen hiru zuzendariak dira Luis Mari Galdos (Azpeitia, 1941), Angel Gereta (Azpeitia, 1962) eta Agustin Jimenez (Azpeitia, 1974). Hiruren artean kontatu dute Arauntzaren danborradako ibilbidea eta aurtengorako prestatu dutena. “Ez dut gogoan zenbat talde izango ginen lehen urte hartan, baina oso gutxi, gaur egungoekin alderatuta”, dio Galdosek.

Elkarteko 30en bat lagunek parte hartu zuten danborradan lehen aldi hartan. Kosakoz jantzita, nola ez. Janzkera hori izan da beti taldearen bereizgarria, baita izena eman diona ere: Arauntza izenarekin baino, kosakoak izenarekin ezagutzen dute askok danborradako taldea. “Elkarte musikala da berez hau”, ekarri du gogora Geretak, eta galdera egin dio Galdosi jantziez: “Ez dakit soziedadearen jatorriarekin zerikusiren bat zutelako aukeratu zenituzten ala ez”. Ezetz erantzun dio hasierako zuzendariak. “Danborradan irtengo ginela eta, zer jantzi eramango genuen hasi ginen hizketan, eta ez dakit zeini bururatu zitzaion, baina batek bota zuen: ‘Zergatik ez dugu kosakoen trajea egiten?’. Ideia ederra iruditu zitzaigun”. Horrela, argazkiak begiratuta eta, atera zuten jantziaren ideia, eta Donostiako Casa Angelitan topatu zituzten arropak; handik alokairuan hartutako jantziekin desfilatu zuten aurreneko bi urteetan. Ondoren egin zituzten beraienak: galtza beltzak eta kasaka edo alkandora disdiratsuak, erdiak berdeak eta erdiak gorriak. Azken janzkera aldaketa egin zutela ere badira urte batzuk: kasaka luzeagoak dituzte orain, granateak, belusezkoak, azpitik elastiko zuri lepo altuarekin. Oso gutxi aldatu direnak, kosakoen kapelak eta banderadunaren zein kantineren zingara jantziak dira.

Erreleboa, tupustean

Soziedadea ireki eta berehala danborradan irteten hasi zen sortzaile taldeak ez zuen oso luze iraun festan: hamar bat urtez parte hartu ondoren, gehientsuenek utzi egin zuten danborrada, baita Galdosek ere.

Horrela, belaunaldi gazteagoak, bazkideen semeek eta, ia tupustean hartu behar izan zuten lekukoa. Larri ibili zirela du gogoan Geretak, zuzendari postua hartu zuenak. “Benetako arazoa izan genuen taldea osatzeko. Elkartetik kanpora irten behar izan genuen jende bila”. Horrela, hemezortzi laguneko taldea osatzera iritsi ziren. “Hiruko lerroak eginda, lerrotik lerrora tarte dezentearekin, nola edo hala luzatu nahian…”. Erreleboko urtea ez zen samurra izan danborrada taldearentzat, baina krisia gaindituta, indarberrituta atera ziren. Gaur egun, 45 bazkide ditu soziedadeak, eta 50-55 dira danborradan parte hartzen duten lagunak. “Eta urtero izaten da jendea trajerik libre ba al dagoen galdezka”, dio Jimenezek. 2012tik da bera taldeko zuzendaria, 32 urtez zeregin horretan aritu zen Geretaren lekukoa hartuta. Egungo zuzendaria eta urte gehien egin dituena bat datoz taldean “oso giro ona” dutela nabarmentzerakoan.

Jarraitu irakurtzen Urola Kostako Hitzaren webgunean.