Hilaren 24an egingo dute babestutako eta udal sustapeneko etxebizitzen zozketa

Uztarria.eus 2019ko urt. 16a, 15:34

Esklabak-Iturtzulo eremuko babes ofizialeko 29 etxebizitza eta udal sustapeneko 33, Bustinzuriko Errebaleko lau etxebizitza eta Done Jakue kaleko beste lau etxebizitza zozkatuko dituzte egun horretan. 19:00etan egingo dute zozketa, Soreasu antzokian. Guztira, 408 lagun daude onartuen zerrendetan. Zozketa irekia izango da, eta nahi duen orok joan ahal izango du.

Azpeitiko Udalak hilaren 24an, ostegunez, egingo du babes ofizialeko eta udal sustapeneko 70 etxeren zozketa, 19:00etan hasita, Soreasu antzokian. Esklabak-Iturtzulo eremuko babes ofizialeko 29 etxebizitza eta udal sustapeneko 33 –bigarren fasean babes ofizialeko 39 eta udal sustapeneko 28 egingo dituzte–, Bustinzuriko Errebaleko lau etxebizitza eta Done Jakue kaleko beste lau etxebizitza zozkatuko dituzte egun horretan. Udalak gaur argitaratu du zozketarako onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda –honako lotura honetan ikus daiteke–. Guztira, 408 lagun daude onartuen zerrendetan; 252k babes ofizialeko etxebizitzenean eta 156 udal sustapenekoenean. Zozketa irekia izango da, eta nahi duen orok joan ahal izango du Soreasura.

Zozketaren prozeduraz hainbat azalpen eman du Udalak. Besteak beste, adierazi du lehenik Esklabak-Iturtzulo eremuko babes ofizialeko etxebizitzen zozketa egingo dutela; ondoren, eremu horretako udal sustapenekoena; eta ondoren Done Jakue kaleko eta Bustinzuriko Errebaleko etxebizitzena. Zozketa horietan guztietan azkena ateratzen duten zenbakiaren ondorengoak hasiko du itxaron zerrenda.

Udalak udan aurkeztu zuen Azpeitian epe motzean egingo dituen etxebizitzen proiektua; izan ere, herriko hainbat lekutan alokairuko, babes ofizialeko eta udal sustapeneko etxebizitzak egingo ditu. Josu Labaka zinegotziak azaldu duenez, Udalak aurreikusten zuen etxebizitza beharra "erreala" da. "Jende askok eman du zozketarako izena, eta prozesua ondo doa, bai zerrendena, baita etxebizitzak eraikitzeko izapideena ere". Leire Goenaga zinegotziak azaldu duenez, datorren osteguneko zozketarekin ez da ezer amaitzen, proiektua garatzen jarraitzeko "asmo irmoa" dutelako. "Etxebizitza beharra duten herritarrak asko direla sumatu dezakegu izena eman duten herritarren kopurua aintzat hartuta. Orain herritar batzuei egokituko zaie etxebizitza, baina etxebizitza politika berri bat diseinatu eta martxan jarri dugu, datozen urteetan garatzeko helburuarekin".

Bestalde, Udalak gogorarazi du osatu duen etxebizitza planaren barruan alokairura bideratutako etxebizitzak ere eraikiko dituela. Hain zuzen ere, Elizkaleko 12. zenbakian eraikiko du eraikin bat, eta Esklabetan, batez ere gazteei zuzendutako alokairu sozialeko 45 etxebizitza ere egingo dituzte Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailarekin elkarlanean.