Hilaren 24an Azpeitian aurkeztuko dute 'Pumori, mendiaren alaba' filma

Uztarria.eus 2019ko urt. 14a, 10:15

Lanak 2001ean Pumori mendira eginiko espedizioan hil ziren bost euskal mendizaleak omentzea eta Suku Mayaren istorioa kontatzea ditu helburu. Emanaldia Soreasu antzokian izango da, 21:00etan hasita. Filmaren emanaldietako sarrerekin biltzen duten dirua SOS Himalaya elkartera bideratuko dute. Sarrerak salgai dauden jada kulturazen webgunean

Urtarrilaren 24an, ostegunez, Azpeitian estreinatuko dute Pumori, mendiaren alaba filma. Lanak 2001ean Pumori mendira eginiko espedizioan hil ziren bost euskal mendizaleak omentzea eta Suku Mayaren istorioa kontatzea ditu helburu, haren egileek azaldu dutenez. Azpeitiko emanaldia 21:00etan izango da, Soreasu antzokian. Baleukok ekoitzi du film dokumentala, Alex Txikon mendigoizalearen laguntzarekin eta EITBren ekarpenarekin. Lanaren hainbat emanaldi egingo dituzte datozen asteetan, eta ondoren ETBn ere emango dute. Filmaren emanaldietako sarrerekin biltzen duten dirua SOS Himalaya elkartera bideratuko dute, Suku Mayari laguntzeko.

2001. urtean Himalaiako Pumori mendiaren (Nepal) gailurrera abiatu ziren bost mendizale gazte: Beñat Arrue aizarnarra, Iñaki Aiertza aizarnazabaldarra, eta Aritz Artieda etxarriarra, Javier Arkauz lakuntzarra eta Cesar Nieto iruindarra. Bidean zirela, urriaren 17an, izotz-jausi batek azpian harrapatu zituen bost euskaldunak 6.300 bat metrora zirela, eta bertan hil ziren; 22 eta 27 urte bitartean zituzten mendizaleek. Benantxio Irureta zena, Xabier Osinalde azpeitiarra, Xabier Ostolaza eta Jon Odriozola zestoarrak eta Jexux Mari Errazu aizpurutxoarra ere espediziokideak ziren, baina horiek beherago zeuden, eta libratu egin ziren ezbeharretik.

Istripua gertatu eta urtebetera Nepalera joan ziren Beñat zenaren gurasoak, Arantxa Gurrutxaga eta Pello Arrue. Bi helbururekin bidaiatu zuten hara: hil ziren mendizaleei omenaldia egitea eta Beñatek bizirik zegoela atera zuen argazkian berarekin ageri den haurra aurkitzea. Haur hori da, hain zuzen ere, Suku Maya, dokumentaleko protagonistetako bat. Honako lotura honetan irakur daiteke Beñat Arrue zenaren gurasoen eta Suku Mayaren arteko istorioari buruzko erreportajea.

Alex Txikon da dokumentalaren sustatzaileetakoa, eta hark lehenago ere egin zien keinua Pumorin hil ziren bost euskal mendizaleei; izan ere, iazko urtarrilean iritsi zen Alex Txikon mendigoizalea Pumoriko gailurrera (7.161 metro, Nepal), eta mendizale haiek espediziora eraman zuten elastikoa soinean zuela ageri zen argazkia jarri zuen Txikonek sare sozialetan.