Hegazkin arin bat erori eta pertsona bat hil da Hernio mendian

Uztarria.eus | Gizartea
2019ko urt. 9a, 18:01

Cascaistik (Portugal) Hondarribiara zihoan abioia eta bazkalondoan hasi dira haren bila. 15:30 aldean aurkitu dituzte eroritako hegazkinaren zatiak, eta handik gutxira bidaiarietako baten gorpuzkiak. Erreskate taldeek uste dute bi lagun zihoazela hegazkinean, eta ilundu egin duenez, bihar jarraituko dute haren bila. Zelatungo borda ireki egin dute, bilaketa lanean ari direnei zerbitzua emateko.

Gaur arratsaldean hegazkin arin bat erori da Hernio mendiaren magalean, eta barruan zihoan pertsonetako bat hil egin da. Erreskate taldeek uste dute bi lagun zihoazela hegazkinean, baina oraindik ez dute aurkitu. Gainera, ilundu egin duela eta, gaurkoz bertan behera utzi dituzte bilaketa lanak; bihar jarraituko dute erreskatearekin. Ertzaintzak jakinarazi duenez, 15:30 aldean aurkitu dituzte eroritako hegazkinaren zatiak, eta orduztik bilaketa lanetan ari dira. Ertzaintzaren arabera, hegazkinaren zatiak erabat kiskalita eta txikituta aurkitu dituzte oinez bila ari ziren erreskate taldeko kideek. Helikopteroz ere aritu dira bilaketa lanetan, baina behe-lainoa tarteko, ezin izan dute bilaketa behar bezala egin.

Hegazkina partikularra zen, eta Aenaren arabera, Cascaisen (Portugal) aireratu da 11:50ean. Hondarribiara bidean zihoan, baina 13:24 aldean galdu dute hegazkinaren arrastoa aireportu horretan. Ertzaintzak azaldu duenez, hegazkina erori izanaren bi zantzu zituzten larrialdi zerbitzuek hasieran: batetik, Hondarribiako (Gipuzkoa) aireportuan hegazkinaren seinalea galdu dute; bestetik, berriz, baserritar batek larrialdietara deitu du hegazkin baten motorra gelditu egin dela sumatu duelako.

Zelatungo borda, irekita

Goiz ilundu arren, duela gutxira arte lanean jarraitzen zuten erreskate taldekoek Hernion. Horrela baieztatu dio Uztarriari Maria Jesus Etxeberria urrestildarrak, Zelatungo Antonioren bordako arduradunak. Negu partean asteburuetan bakarrik igotzen dira Etxeberria-eta bordara, baina gaur arratsaldean ere igo dira bertara, istripuaren berri izan ondoren, lanean ari direnei zerbitzua eskaintzera. "Sua piztu, eta salda eta kafea prestatu ditugu. Ez dakigu noiz arte jarraituko duten lanean, baina hogei bat lagunentzako afaria prestatzeko eskatu digute", esan du Etxeberriak.

Mendian bilaketa lanetan ari direnen artean daude, era berean, Azpeitiko parkeko suhiltzaileak ere.

Erlon, 1969an

Gaurkoa ez da inguruko mendietan gertatutako aurreneko hegazkin istripua. Azpeitian ere, Erlon, erori zen abioi txiki bat 1969an. Orduko hartan ere bi lagun zihoazten hegazkinean, baina biak bizirik atera ziren istriputik. Erregairik gabe geratu zen, nonbait, hegazkina, eta horren eraginez erori zen.

Enekoitz Esnaolak idatzi eta Uztarriak argitaratutako Joxe Urbieta Takoloren biografiaren pasarte honetan jasota dago duela 50 urteko istripu hura:

"Joxek-eta gero eta material hobea behar zuten hobeto eskalatzeko. Joxek berak tailerrean bertan egiten zituen hiltzeak –dagoeneko Layaten hasia zen, gero Egigurenera pasatu zenean ere jardun zuen, baita Danonan ere–. Zerrarekin eta esmerilarekin prestatzen zituen, beretzat ez ezik, lagunentzat ere bai.

Hala ere, 1969ko egun baten ez zuen lantokitik kanpo material ona lortzeko aukera alferrikaldu; hain zuzen, Erlo mendian hegazkin pribatu txiki bat erori zeneko aukera. Hegazkin hura erregairik gabe geratu eta Erloko zulo batera erori zen; bertan zihoazen andre-gizonak, ordea, ez ziren hil. Azpeitiko eta Azkoitiko jendeak segituan izan zuen gertaeraren berri, eta asko igo ziren Erlora kuriositateak jota. Haien artean mendizale askotxo, aukera ikusi zutelako mendirako materiala lortzeko. Hala, azkoitiar batzuk istripuaren hurrengo egunean goraino gurdiarekin igo eta hegazkin txikiaren motorea harrapatu zuten. Hegazkinak aluminioko txapa zuen, eta Joxe Takolo errespetuko mutila zen, baina hark ere sartu zion eskua hegazkinari, eta motozerrarekin txapa ebaki, herrira jaitsi eta estriboak egin zituen gero".

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu