Otsailaren 8an Azpeitira iritsiko da Eskuz Binakako Pilota Txapelketa

Uztarria.eus 2019ko urt. 25a, 12:32
Ezkurdia binakako norgehiagoka batean. (Aspe)

Ezkurdiak eta Ladis Galartzak Irribarriaren eta Zabaletaren kontra jokatuko dute txapelketako final laurdenetako bat, Izarraitz pilotalekuan. Jaialdia 22:00etan hasiko da eta Jon Alberdi azpeitiarra ariko da estelarraren aurretik jokatuko den Promozio txapelketako finalaurrekoan. Sarrerak salgai daude dagoeneko Interneten.

Pilotazaleek hitzordu garrantzitsua izango dute otsailaren 8an, ostirala, Izarraitz pilotalekuan. Eskuz Binakako Txapelketa Nagusiako final laurdenetako bat jokatuko dute egun horretan Azpeitian Ezkurdia-Ladis Galartza eta Irribarria-Zabaleta bikoteek.

Jaialdia Ilunpe pilota elkarteak antolatu du, eta 22:00etan hasiko da. Bi neurketa ikusteko aukera izango da Izarraitzen; izan ere, txapelketa nagusiko partidaren aurretik Promozio Txapelketari dagokion beste neurketa bat jokatuko dute, eta norgehiagoka horretan izango da Jon Alberdi. Aurrelari azpeitiarrak Ugalderen eta Tolosaren kontra jokatuko du, Erasun bikote duela.

Sarrerak salgai daude dagoeneko www.entradasfronton.com webgunean. Kantxako sarrerak 25 euro ordaindu beharko dira, eta gradakoak hogei euro. Egunean bertan ere eskuratu ahal izango dira sarrerak Izarraitz pilotalekuko lehiatilan; 18:00etan zabalduko dute.