Gabonetako oporraldiaren ostean, protestara itzuliko dira pentsiodunak astelehenean

Uztarria.eus 2019ko urt. 9a, 12:38

Ohi bezala, 12:00etan egingo dute elkarretaratzea plazan, 1.080 euroko gutxieneko hileko pentsioa eta KPIaren araberako igoerak eskatzeko. Pentsiodunen plataformako kideek adierazi dutenez, beren helburua "urruti" dago oraindik, eta horregatik jarraituko dute mobilizatzen. Hauteskunde urtea dela gogoratu dute, baina beren borrokarekin jarraituko dutela diote. 

Jubilatuak eta pentsiodunak protestan jarraitzeko prest daude. Gabonetako etenaren ondoren, pentsioen aldeko elkarretaratzea deitu dute astelehenerako, hilak 14. Orain arte egin bezala, 12:00etan jarri dute hitzordua, plazan. 1.080 euroko gutxieneko hileko pentsioa eta KPIaren araberako igoerak eskatuko dituzte beste behin. 

Azpeitiko Pentsiodunen Plataformako kideek adierazi dutenez, adinekoak "jakitun" dira beren lorpena "urruti "dagoela eta oraindik "borroka asko" egin beharko dutela: "Pentsiodunen oinarrizko beharrek gora egin dute, eta agindutako igoera eta hobekuntzak zertan geldituko diren oraindik ez dago garbi". Dena den, orain arte egindako lanarekin "gustura" daudela esan dute, beren borrokak eta eskaerek "inoiz izan ez duen oihartzuna" izan dutelako. Era berean, azpimarratu dute pentsioen aldeko borroka "lehen lerroan" egon dela komunikabideetan, alderdi politikoen nahiz Espainiako Gobernuen gai zerrendan. 

Aurtengoa hauteskunde urtea izango dela gogoratu dute Azpeitiko Pentsiodunen Plataformako kideek, eta azpimarratu dute beraiek beren borrokarekin jarraituko dutela. Izan ere, haien aburuz, lortutako "apurra" pentsiodunen "borroka nekaezinari esker" lortu dute, alderdi politikoetatik aparte. Horregatik, herritarrei dei egin diete asteleheneko elkarretaratzera joateko. "Elkartuta , adineko guztientzako pentsio eta bizi baldintza hobeak lortu arte jarraituko dugu lanean", esan dute,